Nafarroako Komiki Azoka bihartik aurrera martxan

Nafarroako Komiki Azoka bihartik aurrera martxan Erakusketez gain, hainbat jarduera egingo dituzte irailaren 3tik urriaren 3ra Iruñean eta Lizarran. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nafarroako-komiki-azoka-bihartik-aurrera-martxan/@@download/image/salondelcomicdenavarra2021.jpg
2021/09/02

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Erakusketez gain, hainbat jarduera egingo dituzte irailaren 3tik urriaren 3ra Iruñean eta Lizarran.
Nafarroako Komiki Azoka bihartik aurrera martxan

Bihartik, ostirala, urriaren 3ra Nafarroako Komikiaren Azokaren 12. edizioa izango da martxan. Guztira hamalau erakusketa ikusteko aukera izango da, Iruñean eta Lizarran, eta hainbat jarduera izango dira programaren barruan: hitzaldiak, tailerrak, argitalpenak, proiekzioak, hiri-muralak, kontzertuak, bisita gidatuak eta liburu-sinatzeak. TIZAk, komikiaren sustapenerako elkarteak, Nafarroan antolatzen duen "ekitaldi berezia" izaten da, egile-komikiari buruzkoa baita eta alderdi komertzialean baino alderdi artistikoari erreparatzen diona.

Bihar emango diote hasiera Ahalegina eta gorakada; David Rubín 15 urte komikigintzan erakusketarekin Iruñean. Rubinek berak egun horretako bisita gidatuetan parte hartuko du, horma-irudi bat egingo du eta baita publikoarekin solasaldia ere. Hurrengo egunean, larunbata, familiei zuzendutako modelatze tailerra egingo dute plastilinarekin eta, plazak mugatuak direnez, tizacomic@gmail.com helbidean eman behar da izena. David Rubinen liburu-sinatzea ere izango da TBO liburu-dendan.

Datorren astetik aurrera ere hainbat ekintza izango dira: Laura Perezekin liburu-sinatzea eta elkarrizketa, bigarren eskuko komiki azoka, lego sorkuntza tailerra, Francesc Capdevila “Max” marrazkilariari buruzko dokumentalaren proiekzioa, papiroipuinak eta txotxongiloak, sortzaileekin mahai-inguruak, eta Komikiak sortzen: Ideiatik liburura ikastaro trinkoa, besteak beste.

Nabarmentzekoa da Mikel Santos "Belatz" ilustratzailearen Gerezi garaia eleberri grafikoa ardatz duen Lucio ikuskizuna, Garraie antzokian egingo dena irailaren 23an. Lucio Urtubia nafar anarkistaren mezuarekin konbinatzen duen muntaketa eszenikoa da, irudia,zuzeneko musika eta Urtubiaren hitzak uztartzen dituena. Sarrerak salgai daude dagoeneko. Belatzen “Gerezi garaia. Utopia binetan” erakusketa ere jarriko dute antzokian emanaldia dagoen egunean.

Erakusketa eta jardueren inguruko xehetasunak hemen daude jasoak.