Nafarroako I. Liburu Azoka antolatu dute

Iruñean hiru azoka egin ohi dituzte urtean -liburuarena, edizioarena eta liburu zaharrena- baina pandemiaren eraginez, guztiak bateratu eta bakarra egin zuten joan den udazkenean. Aurten, elkarteen arteko lankidetza zabaldu eta beste toki batzuetako liburutegiekin elkarlanean garatuko dute ekimena. Nafarroako Liburu Saltzaileen Elkarteak eta Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatu dute azoka, eta Editargi Nafarroako Editore Independenteen Elkarteak, Nafarroako Idazleen Elkarteak, Iruñea Beltza jaialdiak, Tiza elkarteak eta Nafarroako Gobernuaren liburutegi eta argitalpen zerbitzuek ere parte hartuko dute. Ondorioz, Iruñeaz gain, Tutera, Elizondo eta Lizarrako liburutegi publikoetan ere izango dira jarduerak.
Hamasei liburu-dendek parte hartuko dute maiatzaren 28tik ekainaren 6ra Iruñeako Gaztelu plazan ipiniko den azokan. Hemezortzi mahai izango dira guztira eta 50 ekintza inguru egingo dituzte, tartean, liburu-aurkezpenak, mahai inguruak eta tailerrak. Parte-hartzaileen artean idazle nafarrak izango dira, hala nola Fernando Txibite, Irati Iturritza, Elena Oloriz eta Miguel Sanchez-Ostiz, eta baita kanpokoak ere, esaterako Elisa Victoria, Sergio del Molino, Javier Olivares eta Teresa Valero.
Azokaren ordutegia 10:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara izango da.
Tutera, Elizondo eta Lizarrara zabaldua
Hiriburutik kanpo ere izango dira ekitaldiak, ordea. Tuterako liburutegian Carlos Bassas eta Carlos Ollo idazleen liburu aurkezpenak egingo dituzte, ekainaren 2an; Baztango liburutegian, Cira Crespo eta Elena Ziordiaren liburuarena, ekainaren 3an; eta egun berean, Lizarrako liburutegian, Fernando Txibite eta Rocio Wittibenak. Halaber, Iruñeko Gazteluko plazako azokan, Tutera, Egues eta Urrotz Hiriko liburu denden mahaiak ere egongo dira.
Azokaren kartela
Azokaren irudia Jon Juarez ilustratzaileak sortu du, eta, azaldu dutenez, azokaren proiektuak aurrera jarraitzen badu, urtero ilustratzaile batek egingo du.