Nafarroako film ondarea bildu nahi dute

Nafarroako Filmotekak eta Liburutegi Publikoen Sareak Gure oroimenaren fotogramak ekimena jarri du martxan lurraldeko film-ondarea biltzeko. Horretarako, 62 liburutegitan gune iraunkorrak jarri dituzte herritarrek dohaintzan edo gordailuan eman nahi dituzten material filmiko, optiko edo magnetikoak jasotzeko. Entrega horren bidez, emaileek kopia digital bat lortuko dute beren erabilera partikularrerako, eta jatorrizkoak Nafarroako Liburutegi eta Filmotekaren eraikineko gordailu klimatizatuetan kontserbatu eta babestuko direla ziurtatuko dute.
Biltzen diren materialen artean honako hauek daude: filmak, kamerak, proiektagailuak, dokumentu grafikoak, bobinak, latak, DVDak.. Materiala bi modutan entrega daiteke: gordailuan edo dohaintzan. Gordailua zehazten ez den epe baterako egiten da, materiala ongi kontserbatuko dela bermatzeko, eta emaileak nahi duenean berreskura dezake materiala. Eskubideak emailearenak izango dira eta materiala erabili nahi izanez gero, bere baimena beharko dute. Dohaintza eginez gero, aldiz, ezingo da artxibotik jaso eta eskubideak Filmoteka Artxiboarenak izango dira, erabileraren berri emango den arren. Kasu batean zein bestean kopia digitala eskuratuko dute. Honen inguruko xehetasun gehiago nahi izanez gero, euren webgunean dago informazioa zein harremanetarako kontaktua.
Filmotekako Artxiboaren helburu nagusia zinemaren memoria diren material horiek zaindu, babestu, dokumentatu eta hedatzea da. Artxiboak 15.000 lan biltegiratzea lortu du materialak berreskuratu, dokumentatu eta digitalizatzeko lanari ekin zionetik.