Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa eta Bertsolari Gazteen Xapelgoa jokatuko dira egunotan
14 eta 18 urte bitarteko sei bertsolari gaztek hartuko dute parte gaur arratsaldean Iruñean jokatuko den Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako 37. edizioan.
Beñat Mendiola Ruiz de Galarreta (Iruñea), Eki Mateorena Zozaia (Leitza), Garikoitz Agirre Soto (Zugarramurdi), Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza), Loitzate Goñi Elortza (Bera) eta Manex Leone Baraibar (Iruñea) arituko dira bertsotan. Maialen Belarrak aurkeztuko du saioa, eta Amaia Telletxea, Joseba Beltza eta Nerea Bruño arituko dira epaile lanetan.

Lan guztiak egindakoan erabakiko dute irabazlea zein izan den, eta, gainera, txapelketako lehenengo bi postuak lortzen dituzten bertsolariak Euskal Herriko Eskolartekorako sailkatuko dira, Nafarroako ordezkari gisa.
Iruñeko LABAn izango da saioa 18:30etik aurrera, eta sarrera doakoa izango da.
Lehen kanporaketa Azkainen
Ipar Euskal Herriko hamahiru bertsolari arituko dira bihar, larunbata, Azkaineko Biltoki gelan, goizeko hamarretatik aurrera, Bertsolari Gazteen Xapelgoaren kanporaketa jokatzeko.
Bertsolari hauek arituko dira kantuan: Garikoitz Agirre, Amaiur Aizpuru, Haira Aizpurua, Irati Aizpurua, Unax Aizpurua, Alaitz Aramendi, Xanto Lacroix, Aiantze Lannes, Uxue Lannes, Johane Lare, Haize Lekuona, Ibai Lekuona eta Oihan Perez.
Larunbateko saioko lehen sei bertsolariek Xapelgoaren finalean parte hartuko dute. Maiatzaren 28an jokatuko da finala, Itsasuko Sanoki gelan. Txapelketan lehen bi postuetan sailkatutako bi bertsolariek Euskal Herriko Eskolarteko txapelketaren finalerako txartela lortuko dute. Euskal Herrikoa Iurretan izango da, ekainaren 3an.

