Nafarroako emakume bertsolarien saioa Iruñean

Nafarroako emakume bertsolarien saioa Iruñean 'Gure aldetara' egitasmoaren baitako saioa izango da Ezpeleta jauregian egingo dena, lurraldeko emakume bertsolarien ahotsari bide eman eta euren arteko sarea sendotzea helburu duena. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nafarroako-emakume-bertsolarien-saioa-irunean/@@download/image/BERTSO-WEB-1024x565.jpg
2021/08/20

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

'Gure aldetara' egitasmoaren baitako saioa izango da Ezpeleta jauregian egingo dena, lurraldeko emakume bertsolarien ahotsari bide eman eta euren arteko sarea sendotzea helburu duena.
Nafarroako emakume bertsolarien saioa Iruñean

Sarai Robles, Erika Lagoma, Idoia Granizo eta Amaia Lasheras bertsolari nafarrak arituko dira kantuan gaur, 19:30ean, Iruñeko Ezpeleta jauregiko patioan. Sarrera doan izango da, edukiera bete arte. Ekitaldia Karrikiri Elkarteak antolatu du, Iruñeko Udalaren laguntzarekin, Gure Aldetara ekimenaren barruan. Nafarroako Bertsozale Elkarteak izen bereko disko berri bat plazaratu du eta hainbat bertso-saio eskainiko dituzte Nafarroako zenbait herritan, lurraldeko emakume bertsolariei elkarrekin kantatzeko aukera emateko. 

Nafarroako Bertsozale Elkarteak bultzatutako Gure Aldetara. Nafarroako emakume bertsolariak egitasmoak bi helburu nagusi ditu. Batetik, Nafarroako kulturaren ondare diren bertso-sorta idatziei bultzada ematea, jasotzea eta ezagutaraztea, eta tradizionalki landutako bertsoen aldaera horrek gaur egun ere lekua baduela ikusaraztea. Eta bestetik, Nafarroako emakume bertsolarien ahotsari bide ematea, proiektu honen bidez euren arteko sarea sendotzea eta emakumeek bertsolaritzan esateko dutenari bozgorailu bat eskaintzea.

Lanak euskarazko 14 kanta ditu, banaka zein taldeka, ahots hutsez edota musikaz lagundurik, baina denek ere bertsoa oinarri izanik. Hori dela eta, Nafarroako emakume bertsolarien aniztasuna du muinean. Bai plazan era profesionalean, bai aldizkako parte-hartzean zein bertso eskoletan jarduten diren emakumeen ahotsak biltzen ditu CD honek. Belaunaldi, eskualde eta ibilbide desberdinetako bertsolariak dira parte-hartzaileak.