'Nafarroa osoan bai' kanta eta bideoklipa aurkeztu du Nafarroa Oinezek
Nafarroa osoan bai! izena du aurtengo Nafarroa Oinez-en abestiak. Euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzeko aldarria egiten du abestiak. Letran ageri den “bai” eta “ez” jokoarekin, Nafarroaren zonifikazioa eta banaketa salatu nahi direla azaldu dute.
Musika Joseba Tapiak egin du, eta letra, berriz, Maddalen Arzallusek. Bost emakume abeslarik ere parte hartu dute: Olaia Inziarte, Nerea Erbiti, Maider Ansa, Leire Letu eta Kristina Aranzabek.
Musikari hauek ere jarri dute euren alea abestian: tronpetarekin, Jon Celestino; tronboiarekin, Amets Aznarez, Eneko Urrestarazu eta Arkaitz Nagore; eta saxoarekin, Ibon Irixoa. Bestetik, Iker Uriarte baterian, Xanti Etxeberria baxuan, eta perkusio eta soinu teknikari eta nahasketa lanetan Estudio Bat!eko Peio Skalari.
Aguraingo Dronetikan Airworks-ek egin du bideoklipa. Sakanako ingurunea, paisaia, ageri da bideoan eta zonifikazioaren salaketa Iker Uribe margolari eta ilustratzaile lakuntzarrak eginiko Nafarroako maparen marrazki baten bitartez adierazten da.
Oinez Txokoa Iruñean
Urriaren 8an izango da Nafarroa Oinez, Etxarri Aranatzen. Aurretik, ordea, Sanferminetako Oinez Txokoa ere izango da Takoneran. Goizeko 10:30ean hasi eta 03:30ak edo 2:00ak arte egongo da irekita, eta arduradunek azaldu dutenez, jai-giro lasaia eta familiartekoa izango da goizean, eta jende gazteari zuzendutakoa iluntze partean.
Kontzertuetan, Brigade Loko, Sofokaos, Nafarroa 1512, Onki Xin, Xskara, Dj Bull edo Beietz! taldeak arituko dira. Horretaz gain, haurrentzako ekimenak, bertsolariak, jolasak… ere izango dira. Sare sozialetan zabalduko da egitarau osoa eta baita webgunean ere.
Txosnan jana eta edana ere ez dela faltako gogorarazi dute. Bestalde, materiala ere izango da salgai: kamisetak, leggins-ak edota soinekoak.
