Nafarroa Oinezen aurretik, Oinez 2013 Kontzertua Tuteran!

Nafarroa Oinezen aurretik, Oinez 2013 Kontzertua Tuteran! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nafarroa-oinezen-aurretik-oinez-2013-kontzertua-tuteran/@@download/image/oinez_2013_azal_1371042630.jpg
2013/06/13
berria
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko ikastolen aldeko jaiak ez dira egun bakarrera mugatzen azken aldian, eta horren ordez urte osoko ekitaldi zerrenda prestatzen dute antolatzaileek. Esaterako, Nafarroa Oinez 2013ren aurretik, Oinez 2013 Kontzertua egingo dute Tuteran San Juan bezperan, Fermin Muguruza kartelburu.


Taupadaz bat egin! izango du leloa aurtengo Nafarroa Oinezek. Tuterako Argia Ikastolari egokitu zaio 2013ko ekitaldia antolatzea, eta Erriberan euskararen erabilera indartzea izango du helburu. Ibilbidea hiriaren erdigunetik hiru kilometro ingurura dagoen nekazaritzako elikagaien zonaldean egingo dute, jende olde handiak hartzeko egokia dela iritzi baitiote antolatzaileek.

Urriaren 20an egingo dute jaia, eta dagoeneko aurkeztu dituzte kanta eta bideoklipa. Biak ala biak, ikastolako ikasleek, herritarrek eta dozenaka laguntzailek osatu dituzte, elkarlanaren izpiritua agerian utziz.

Oinez 2013 Kontzertua
Baina udazkena urrun xamar dago oraindik, eta uda iritsi aurretik ekitaldi berezia egitea otu zaie: San Juan bezperan, hau da, ekainaren 22an, Fermin Muguruzaren Kontrakantxa, Zuloak eta Las Culebras taldeek kontzertuak eskainiko dituzte Tuterako zezen plazan, 21:00etatik aurrera. GAZTEZULOn, gainera, bi sarrera bikoitz zozkatuko ditugu lehiaketan izena ematen duzuenon artean.

Fermin Muguruza eta beste zortzi musikarik osatutako Kontrakantxa taldea zuzenean ikusi eta entzuteko aukera aparta izango da, sei urtez eszenatokietatik aldenduta egon ostean, mundu osoko birari ekin baitzion iragan martxoan irundarrak. Euskararen aldeko jai erraldoiaren aurretik, musikaren festa itzela izango da.