My Jok: “Estetika koloretsu eta baikorra dugu”

My Jok: “Estetika koloretsu eta baikorra dugu” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/my-jok-estetika-koloretsu-eta-baikorra-dugu/@@download/image/63p36-1.jpg
2006/05/05
elkarrizketa
Nerea Lizarralde
Kolore biziko marrazkiak, performanceak, moda… Ongietorri My Jok mundura, Maiana Agorrodyk (Uztaritze, 27 urte) eta Jokin Etcheverriak (Donibane Lohizune, 26 urte) sortutako planeta dibertigarrira. Gazte hauek artearekin esperimentatzen hasi ziren Bordeleko karriketan, eta harrez gero, hamaika proiektutan murgildu dira: Ipar Euskal Herriko artista garaikideak  batzen dituen "Lasai" ekimenean, esaterako. Tokio, Paris eta Bartzelonako azoketan izan ondoren, Maianarekin solastu gara.

Nortzuk dira My eta Jok?
Jokinek eta biok osatzen dugu My Jok plataforma. Bion arteko lankidetza eta ekimen artistikoa da, baita marka komertziala ere. Hasieratik izan dugu gustuko elkarrekin lan egitea eta esperimentatzea. Gainera, My Jok-ek grafismoa, marrazkia, moda eta antzerkia nahasteko, eta gauza berritzaileak egiteko aukera eman digu.

Nola ezagutu zenuten elkar?

AEK-ko ikastaro batean ezagutu genuen elkar, Bordelen, 2002an. Ni Arte Ederrak ikasten ari nintzen, eta Jokin Antzerki Eskolako ikasle zen.

Zein izan zen zuen lehen ekintza artistikoa?

Ziburun bilgune bat antolatu genuen. Publikoak guk diseinatutako kamisetei buruz zuen iritzia jakiteko, produktu-test modukoa irudikatu genuen. My Jok marka zabaltzea erabaki genuenean, geure lehendabiziko performancea egin genuen: "My Jok Show". Antzerki garaikidea, inprobisatua eta probokatzailea. Hainbat artista gonbidatu genituen emanaldira (Vj, Dj, dantzariak, abeslariak…) My Jok-en promozioa egiteko, antzerkia publizitate bihurtuz. 

Zer dela eta Performancea?

Performancearen ideia beti dago hor. Ez dugu soilik arropa pertsonalizatua saltzen, ez da marka komertziala bakarrik, sormen artistikoari ere garrantzia ematen diogu. Ondoren, "Show Room" ikuskizuna asmatu genuen, Reality Theatre bat. "My Jok Show"-ean bezala, beste sortzaile batzuk ere gonbidatu genituen, haiei ere beren produktuak saltzeko aukera emanez. Modu horretan, publikoa, ikusle izateari utzi eta, kontsumitzaile bihurtzen da.

Nola definituko zenukete zuen estilo artistikoa?

Gure estetika pop artearen mundukoa da; koloretsua eta baikorra. Funny, funky eta smily bezalako adjektiboak erabiltzen ditugu My Jok estiloa definitzeko.

Zuen web orria,
www.myjok.com, ingeles hutsean dago. Zergatik erabaki zenuten ingelesa erabiltzea?
Modu honetan, errazagoa eta zabalagoa delakotz. Gure ingelesa atsegina eta internazionala da, denek ulertzeko modukoa. Ingelesari esker My Jok marka beste herrialdeetara zabaldu ahal izan dugu. Orain, Frantzian, Japonian eta Espainian ere saltzen ditugu My Jok produktuak. Beste herrialdeetako artista garaikideak ezagutzeko parada ere izan dugu.

Nolakoa da Ipar Euskal Herrian arte garaikidearen egoera?

Ezin dugu erran hemen arte garaikidearen egoera ona denik. Espero dugu hobetuko dela, momentukotz, egia erran, ez dira gauza ainitz egiten, egiazko arte leku bat falta dela iruditzen zaigu. Artistek ez dute elkar topatzeko gunerik. Iaz, My Jok plataformaren bidez, LASAI proiektua sortu genuen. LASAI komunikazio proiektu orokor bat da. Euskal Herriko arte garaikidean, sare bat sortzeko egin genuen. Sortzaile garaikideen lanak sustatzeko eta zabaltzeko azpiegiturarik ez dago, eta egoera horri aurre egiten saiatu ginen. Batetik, guztiok elkar ezagutzeko, bi eguneko topagunea eta erakusketa antolatu genituen Uztaritzen.

Zein artista edo talde aurki ditzakegu LASAI-n? Egingo al da aurten bigarren ediziorik?

Iazko liburuxkak hamabost bat kolektibo eta sortzaile biltzen zituen. Batzuk aipatzearren, Maitetxu Etcheverria (argazkilaria), Eric Dicharry ("Uda da" aldizkariaren sortzailea eta Kalamu agentziaren zuzendaria), Zebra 3 ("Buy Self" aldizkaria eta arte plastikoak), Aldudarrak bideo (ikusentzunezkoak), Christophe Nowakowski (altzariak)… Aurten abendu aldera ekingo diogu bigarren edizioari, eta Hego Euskal Herriko sortzaileek ere parte hartuko dute. Artisten arteko harremanak sendotzeko proiektu garrantzitsua da LASAI.

Entzun dugu maiatzean Bilbora joango zaretela, eta bertan saltokia irekiko duzuela.

Bai, maiatzean irekiko dugu My Jok denda, Bilboko Alde Zaharreko Txakur kalean. Bilbora joatea erabaki genuen, Hego Euskal Herriko jendearekin, eta, bereziki, Bilboko jendearekin usu egin dugulako lan. Mugimendu artistiko berean ari gara denok, nolabait. Denda honen bidez, My Jok mundua erakutsi nahi diogu jendeari. Modako produktuak eta arropa izango dira salgai lokalean, baina ez hori bakarrik. Toki bizi eta dinamiko bat sortzea gustatuko litzaiguke, arte elkargune bat.

Etorkizunera begira zein proiektu dauzkazue?

Arestian esan bezala, lehendabizi, maiatzean, Bilbon My Jok denda irekiko dugu. Uztaila aldera Bartzelonako "Bread and Butter" azokan izango gara, eta irailean Pariseko "Pick and Mix"-ean. Hiru artista frantziarrekin batera, Europako Tour antzeko bat egiteko asmoa dugu abuztuan, eta Euskal Kultur Erakundearentzat "The My Jok Road Movie" prestatuko dugu udazkenean. Abenduan, berriz, LASAI-en bigarren edizioari ekingo diogu, eta Bilboko arte galeria batean guk eginiko poster bilduma bat aurkeztuko dugu.

Zein da My eta Joken ametsa?

Athletic txapeldun!!