Mutrikuko 'Bada posible' kultur jaialdiak aurrera darrai

Mutrikuko 'Bada posible' kultur jaialdiak aurrera darrai Datozen egunetan ere hainbat ekitaldi izango dira, tartean Dardara dokumentalaren emanaldia, Julen Alonso eta Oinkari dantza taldearen ikuskizuna, eta herriko Errietan taldearen kontzertua. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mutrikuko-bada-posible-kultur-jaialdiak-aurrera-darrai/@@download/image/errietan.jpg
2021/08/03

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta

Datozen egunetan ere hainbat ekitaldi izango dira, tartean Dardara dokumentalaren emanaldia, Julen Alonso eta Oinkari dantza taldearen ikuskizuna, eta herriko Errietan taldearen kontzertua.
Mutrikuko 'Bada posible' kultur jaialdiak aurrera darrai

Mutrikuko Bada Posible kultur jaialdiak kultura bultzatzeko apustua egin du beste behin, kulturgileek eta euren inguruan lanean ari direnek bizi duten egoera ikusita bereziki. "Sasi guztien gainetik, Mutrikuk kulturarekin bat", adierazi dute antolatzaileek. Uztailaren 29an eman zioten hasiera jaialdiari eta azken egunetan Olatz Salvador, Julen, Kantu Kolore eta Nogen izan dira bertan, besteak beste. Datozen egunetan ere izango da, ordea, kulturaz gozatzeko parada Mutrikuko institutuko karpan.

Kawadeni dantza eta perkusio talde afrikarra arituko da gaur, 20:00etan. Ikusmenaren bidez, musika eta dantza gurutzatuz, mendebaldeko Afrikako kulturan murgilduko dute ikuslea. Errepertorioak Ginea, Mali, Burkina Faso eta Boli Kostako erritmo eta dantzan ditu sustraiak.

Bihar, hilak 4, Dardara dokumentala eskainiko du Mutrikuko Zine Forumak, 22:00etan. Marina Lameiro zinemagileak Berri Txarrak taldearen azken biran grabatutako dokumentala da, zaleengan sortutako dardara jasotzeko asmoz. Ikus-entzunezkoaren emanaldiaz gain, Auzi Taldeak bertsioak joko ditu. 

Ostegunean, 19:00etan, Ane eta Nora Agirre ahizpa bikiek osatutako Biren bikote akustikoa arituko da. 2018an maketa bat kaleratu zuten eta aurten euren lehen diska argitaratu dute Barrura Begira izenburupean. Mutrikuko Errietan taldeak ere musikaz girotuko du iluntzea, eta disko berriko kantuak joko dituzte. 

Ostiralean, hilak 6, Izaro eta Silvana Estrada mexikarra arituko dira, 22:00etan. Hurrengo egunean, larunbatean, Julen Alonso eta Oinkari dantza taldearen musika eta dantza ikuskizuna izango da, 20:00etan. Azkenik, Mutrikuko Musika Bandak joko du igandean, 20:00etan, Josean Pascual donostiarrararen zuzendaritzapean. 

Ekitaldietarako sarrerak hemen eros daitezke.