Muted: “Diskoen prezioa jaitsi beharko litzateke”

Muted: “Diskoen prezioa jaitsi beharko litzateke” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/muted-diskoen-prezioa-jaitsi-beharko-litzateke/@@download/image/60p9-1.jpg
2006/02/03
elkarrizketa
Julen Azpitarte
Muted: “Diskoen prezioa jaitsi beharko litzateke”
Muted seikote metaleroak "Sarean" izeneko lehendabiziko diskoa kaleratu du Oihuka diskoetxearekin. Estreinu honetan, "azken belaunaldiko metala, garapen elektronikoak eta melodiak" uztartu dituzte. Christophe taldekidearekin solastu gara, diskoaren xehetasun guztiak jakiteko. Ez mutu geratu!

"Sarean" grabazioak harrera ona izan du...
Oso pozik gaude egindako lanarekin, eta jendearen harrerarekin. Kritika onak eta ez hain onak izan ditugu, baina txarrak ere ongi etortzen dira. Gure lehenengo lana da, eta urduritasunez eta ezjakintasunez beteriko bidea izan den arren, pozik bizi dugu estreinua.

Hala ere, zuen indarra zuzenekoetan dago. Bi sentsazio ezberdinak izanik, zer nahiago duzue: diskoak ala zuzenekoak?

Ez dira berdin bizitzen. Zuzenean momentuko indarra eta adrenalina sumatzen dira, eta grabazioan, forma ematen zaio aldez aurretik egindako lan luzeari; oso onuragarria da, beraz. Nik garapen elektronikoak egiten ditut, eta zuzenekoetan ia dena programaturik egoten da. Zuzenekoetan ez dut inprobisaziorako toki askorik, baina grabazioan lan ugari izan ohi dut; hortaz, grabazioa gustukoago dut. Seguru aski, beste taldekideek kontrakoa esango lukete.

Taldean sei lagun zerete. Nondik sortzen dira kantuak?

Oso zaila izaten da adostasuna lortzea. Oro har, gitarra riff batetik edo garapen elektroniko batetik sortzen dira kantuak. Hortik aurrera, forma eman, ahotsak sartu... eta ohartu gabe ateratzen dira. Gero batzuk baztertu egiten ditugu. Adibidez, "Sarean" diskorako 20 abesti inguru geneuzkan, baina hamarrekin gelditu gara.

Zein garrantzi ematen diozue elementu elektronikoei?

Nahiko garrantzitsuak dira. Agian, Euskal Herriko gainontzeko taldeengandik ezberdintzen gaituen zerbait da, eta konposizio prozesuan pisu asko dauka. Azken batean, gustuko ditugun taldeen eraginaren ondorioa da.

Birnahasketak eta klipak egitea atsegin duzue. Horrelakoak, disko originala erosteko amua izan daitezke?

Musikarekin lotutako beste arlo batzuk dira, eta oso gustuko ditugu. Gehiago egingo genituzke, baina dauzkagun baliabideekin ahal duguna egiten dugu. Ondo dago disko original batean aparteko elementuak sartzea; izan ere, gauza erakargarriak gehitu dakizkioke diskoari, baina pirateoaren kontra ez dut uste baliagarria denik, disko batean sartzen den material guztia kopiatu daitekeelako. Horren harira, merkatuak diskoen prezioa jaitsi beharko lukeela uste dut. Diskoetxeek, banatzaileek, dendek, manager-ek… ahalegina egin beharko lukete jaitsiera horren alde. Gai zaila da.