Musuka nazazu

Musuka nazazu https://www.gaztezulo.eus/albisteak/musuka-nazazu/@@download/image/24p17-1.jpg
2002/11/01
erreportajea
Torloju musuak, xurgatzaileak, hortzez hortzekoak, sakonak, estuak, gozoak, pasioz beterikoak, bibotedunak, otso gizon musuak… Musu mota asko dago eta musukatzeak, gauza guztiek bezala, bere sekretutxoak ditu. Dena dela, gustuko neska-mutilarekin arituz gero, eta trebezia pixka batekin, gozamena ziurtatuta dago. 

Tomima Edmarkek "Musuen liburuan" bost baldintza jarri ditu musu batek dardarka utz gaitzan. Lehenengoa, gustuko bikotekidea bilatzea. Bigarrena eta hirugarrena, toki eta une egokia aukeratzea. Laugarrena, bikotekideak musurik nahi ote duen begiratzea. Eta azkenik, "erasoari" ekitea. Hala ere, erasoari ekin aurretik musuei buruz zenbait kontu jakitea komeni da, ez huts egiteko, noski. 

Batzuetan, musua bikotekideen arteko maitasuna azaltzeko keinua baino ez da. Askotan, ordea, musuek indar erotiko handia izan dezakete eta sexu jolasetara eraman gaitzakete. Helburua edozein izanik ere, gai honi buruz hainbat liburu idatzi dituen David Colemanen arabera, hiru "p" behar dira egoki musukatzeko: pazientzia, patxada eta pasioa. Ez ahaztu bikotekidearekin zaudenean… eta pekatu egin ezazu!

Ez azkar ibili, ez temati izan
Adituen arabera, musukatzerakoan, ez da sekula azkar ibili behar. Hasteko, onena ezpainak arin eta gozo elkartzea da, mingaina dantzan jarri gabe. Bestalde, begiak itxita, entzumen, ukimen eta usaimen sentsazioak areagotu egiten dira. Garrantzitsua da, halaber, sudurretik arnasa hartzea, musua gehiago luzatzeko. Dena den, kontua ez da erronka botatzea eta zinema munduko musurik luzeena gainditzen ahalegintzea: hiru minutu eta bost segundu! Musu hori "You are in the Army now" filmean ikus daiteke, eta Jane Giman aktorea, eszena errodatzerakoan, zorabiatzear egon zen, Regis Tommey-ren ahoari itsatsita. Hortaz, badaezbada ez zaitez gehiegi luzatu. Erietxea ez baita musuaren ondorioak gozatzeko lekurik erotikoena! 

Sexu edo maitasun kontuetan bezala, musuetan ere kalitatea kantitatea baino garrantzitsuagoa da. John Barrymorek, AEBetako zinema mutuko galairik galaienak, film berean musu gehien emandako zaldunaren errekorra du. Film bakar batean ("Don Juan", 1926) 127 musu banatu zituen Mary Astor eta Estelle Taylor-en artean. Tematia gizona! Egungo emakumeek, ordea, ez lukete bere musu uholdearekin gehiegi gozatuko, izan ere, adituen arabera, garai hartako musuak hitz gutxitan labur litezke: lehorrak eta ahoa itxita di-da emandakoak. 
Zorionez, praktika guztiak, urteak joan urteak etorri, hobetu egiten dira, eta musukatze ere ez da salbuespena.

Mugarik gabeko ibilaldia
Aldaketak aldaketa, musuak maitasunaren adierazbide nagusi izaten jarraitzen du. Gainera, sexu jokoen ataria ere izan daiteke eta horrelakoetan, ahoa eta mingaina nora zuzendu jakitea primeran dago. Gogoan izan: gorputzaren zati eta zirrikitu guztiak onak dira musu zaparrada jasotzeko. Hori bai, leku batzuk besteak baino hobeak dira. 

Sexologoek diotenez, emakumeentzat, ahoarekin batera, lepoa da gorputz atalik sentikorrenetakoa. Gizonezko askori ere lepoan musuak jasotzea gustatzen zaie eta, batik bat, belarrian lagunaren ahoa eta mingaina sentitzea. 

Ondoren, gorputzeko zoko guztiak arakatu eta musuka daitezke:  bizkarra, izterrak, ipurdia, mokorrak, sabela, oinetako behatzak… Titi buruak oso kitzikagarriak dira, bai gizonezkoentzat eta baita emakumezkoentzat ere. Beraz, hauek ere musu ibilaldian sar ditzakezu. Baita sabelaldea ere. Sabelaldea musukatzeak plazer handia ematen du, izan ere, sexu organuak gertu daude eta ezpainen hurbiltasunak zure bikotekidea sutan jarriko du. Hankartea izan daiteke hurrengo jopuntua, zure bikotekideak nahi badu, jakina. Baina bertara iritsi aurretik utzi zure ezpainei eta mingainari gustuko lekuetatik libre ibiltzen. Ez zaizu damutuko…

29 orduko musua



Txapelketa txoro horietako batean, 1998an, AEBetako bikote batek munduko musurik luzeenaren marka ezarri zuen: 29 ordu. Bukatu ondoren, aurpegiko giharrak beren tokian jartzera eramango zituzten, seguru asko.

Musu zinematografikoak



Zinema mundua musuez beterik dago. Aktoreak elkarri musu ematen ari direla, hamaika sekuentzia filmatu dira. Hona hemen zenbait aktorek beste aktore batzuen musuei buruz esandakoak:

Telly Savalas
Tellyri sensualitatea dario. Ohean irudikatzen zaituela dirudi. Pena zuzendariak musua eman aurretik moztu izana!” (Angie Dickinson).

Raquel Welch
Raquelen belarria musukatu nuen. Hmmmmm. Pixkanaka mihia sartzen hasi nintzen eta Raquel animatzen hasi zen… Etenalditxo bat egin genuen eta Raquelek zera esan zuen: Jim, axola ez bazaizu, etzazu mihia belarrian sar. Makilajea joaten ari zait” (Jim Brown).

Greta Garbo
“Egarriz musukatzen zuen, bere esku artean gizonaren aurpegia hartu eta edatera zihoala ematen zuen” (Kenneth Tynan).

Robert de Niro
Aho barruraino sartu zitzaidan, eta ondoren kanpora atera zen. Emozionalki norbait gerturatu, nire gorputzean sartu, eta ondoren joan izan balitz bezala izan zen” (Juliette Lewis).

Orson Welles
“Ez zuen ezpainekin musukatzen, arimarekin baizik” (Eartha Kitt).

Musua eta kulturak



Herri eta kultura guztietan ez da berdin musukatzen. Era guztietako ohiturak daude.

Trobriand uharteak (Polinesia)

Bertakoei gure musua aspergarria iruditzen zaie. Beraiek masailak, sudurra eta ezpainak igurtziz elkar agurtzen dute. Harremana sakonagoa izanez gero, mingainak elkarri igurtzen dizkiote lehendabizi, eta gero goiko ezpainean kosk egiten dute.

Japonia
Ez da ohikoa Japonian inor jendaurrean musukatzen ikustea. Haur txikiek baino ez dute musurik jasotzen. Etxeko intimitatean, berriz, sexu jokoen aurrekariak dira musuak.

Magreb
Gizonezkoen arteko musuak ohikoak dira Afrika iparraldean: Marokon, Aljerian… Musuok ez dute sexu zentzurik. Gizonezkoen artean oso arrunta da laguntasuna ezpainetan musu emanez adieraztea.

AEBak
AEBetan normala da gurasoek seme-alabei ezpainetan musuak ematea. Europan, aldiz, masailetan musu ematen zaie umeei.