Musikherria diskoetxe bat baino gehiago

Musikherria diskoetxe bat baino gehiago https://www.gaztezulo.eus/albisteak/musikherria-diskoetxe-bat-baino-gehiago/@@download/image/59p8-1.jpg
2006/01/06
erreportajea
Julen Azpitarte
Musikherria diskoetxe bat baino gehiago
Euskal Herriko hainbat musikarik eta musikazalek MusikHerria izeneko ekimena abiatu dute oraintsu. Egitasmoa diskoetxe moduan aurkeztu arren, Musikherria ohiko zigilu klasikoa baino gehiago dela baiezta daiteke. Guztira, 50 talde elkartu dira egitasmo honetan.

"Musika egiten dugunoi eta musika gustatzen zaigunoi, baliabideak modu errazean hurbiltzea da Musikherria proiektuaren helburua", diote MusikHerria-ko kideek euren aurkezpen txostenean. "Laguntza kolektiboaren" eta "autogestioaren" bitartez, "herritik hurbilago" dagoen diskoetxea sortu nahi omen dute; musika eta herria lotzea, alegia.

"Gure oinarrietako bat autogestioa da. Horrek suposatzen duen guztiarekin: jarrera, asmoak, lan modua... Hasieratik proiektu partehartzaile eta zabala izan da, eta horrela jarraituko du. Guk esaten dugun bezala, musika eta herria da batzen gaituena: herriarentzako musikaren balio soziala, eta musikaren herritartasuna", dio Oihanek, "MusikHerrian aktiboki lanean dabilen musikazaleak" eta Mundurat Sareko (www.mundurat.net) kideak.

Hik heuk egin!

Iaz, apirilean, Markinan egindako Gaztemugi! jardunaldietan sortu zen Herri diskoetxearen ideia. Musikari buruzko eztabaida taldea antolatu zen, eta bertan jasotako kezka eta iritziak kontuan hartuta, zigilua sortzea erabaki zuten. Musika munduan antzeko ekimen asko ezagutu dira; beti ere, 70eko hamarkadan lehertu zen punk eztandak zabaldu zuen "Do it yourself" ("Hik heuk egin!") filosofiari erantzunez.

Izan ere, musikaren historian, musikari, fantzine eta zigilu asko aritu dira modu autonomoan. Horrexegatik, MusikHerria oihartzun handia izaten ari da inguruotan: "Jende askok begi onez, eta batez ere jakinminez, ikusten du gure ekimena. Azken urteotan, zeharo aldatu da musika entzuteko modua, eta batzuek ikusten dute musika entzuteko modu horri erantzun nahi dion zerbait dela", azaldu du Oihanek.

Copyleft-en aldeko apustua

Musikazale sutsu hauen aldarrikapenen artean, honako hauexek daude, besteak beste: emakumeen papera bultzatzea musika munduan, euskal kultura eta bereziki euskal musika sustatzea, eta Copyleft-aren aldeko apustua egitea, (SGAE bezalako erakundeen kontra ere agertu dira).

Gainera, "eragile sozial" bezala definitu dute euren burua, eta enpresa egitura gaitzesten dute.  Enpresen jarduera ukatuz gero, ekimena nola finantziatzen duten galdetu diogu Oihani: "Argi eta garbi egitasmoaren burujabetasuna bultzatuko dugu, oraindik zorrak besterik ez ditugu egin. Diru pixka bat ateratzeko, eta nahi duguna adierazteko, aurkezpen jaialdi erraldoia egingo dugu martxoaren 4an Durangon", nabarmendu du zigiluko kideak.

Martxoaren 4ko kontzertu handi hori Durangoko Landako Azokan izango da, eguerdiko 12:00etatik aurrera, eta 30 talde inguruk esku hartuko dute. Era berean, bost hilabete (maiatza bitartean) iraungo duen gaztetxe bira ere martxan jarri dute: 40 talde inguruk, 40 kontzertu eskainiko dituzte 40 gaztetxetan, astebururo.

Eta gainontzeko diskoetxeak?

Azkenik, Euskal Herriko ohiko diskoetxeekin lan egiteko aukeraz galdetu diogu Oihani, eta honek ondo iritzi dio. Izan ere, MusikHerriaren txosten nagusian, argi adierazi dute ez dutela Euskal Herriko diskoetxeek urteetan egindako lana "gaitzetsi" nahi. "Osagarriak gara. Talde batzuek bide bat aukeratuko dute, beste batzuek bestea. Hau ez da lehiaketa bat, musika lantzeko bestelako modu bat baizik. Bakoitzak, musika nahi duen moduan ulertzeko eskubidea dauka. Lehenengo egunetik esan dugu: prest gaudela elkarlanerako, bai beste diskoetxeekin, baita beste musika eta herri eragileekin. Puntu komun asko egon daitezke, eta horien gainean lan egingo dugu elkarrekin", esan du zigiluko ordezkariak. Ekimen interesgarri bezain ausart honetaz gehiago jakin nahi baduzue: www. musikherria.org

Lehen fruituak



“1. Bilduma” MusikHerria
MusikHerria herri-zigiluko 38 talderen musika biltzen duen bilduma. Diskoan, diskoetxeak sustatzen duen musika estilo aniztasuna islatzen da. Hitz bitan: Euskal Herriko gaztetxe eta entsegu lokal ilunetan zer mugitzen den jakiteko parada. Ilusioa eta energia.

"Adikune", Adikune



Donostiako hirukotearen proposamena iluna da, eta postcore estilotik edaten du. Bi abesti dira: bi instrumental eta bideoa. http://hilunetan.tk/

Diskoak



"Ordainduko duzue", ZartakoKapitalismoaren kontrako nafarrak, Iruñeko Donibane auzokoak, hain zuzen. 2001. urtean sortu zuten taldea. "Ordainduko duzue" honetan, 11 salaketa kantu bildu dituzte.

"Punkamine", PunkaminePunk doinuekin jositako hamar kantu. Punk rocker hauek ekialdeko manga marrazkien hizkuntza maite dute, eta Microsoft konpainia "popatik hartzera" bidaltzen dute. "Linux erabili!" aldarrikatzen dute. www.punkamine.org

"Aro berria", KonterAlgortako boskoteak hardcore basatia eta metal oldarkorra uztartzen ditu. Diskoa luxuzko kolaborazioekin dator: MARS, Podri eta Laila Kaña! www.konter.tk/

"Txakurrak", TxakurrakLasarte-Oriako punk rocker sutsuen lana. 2004. urtean talde berria egiteko elkartu ziren Lasarteko entsegu lokaletan. Hitzek –edo zaunkek, esan beharko genuke?- garrantzi handia dute Txakurrak taldearen proposamenean.

"2. maketa", Lukas Prest!Eskoriatzako laukotea 2003. urtean sortu zen. Kontzertu asko eman dituzte inguruko gaztetxeetan. "Danbaka" musika lehiaketan aurkeztu zuten estreinako maketa, eta hau da bigarrengoa. Lau kantu biltzen ditu. www.mundurat.net/lukasprest/