Musikazuzenean webgunea Bizkaian aurkezteko, kontzertuak izango dira maiatzaren 15ean Elorrion

Musikazuzenean webgunea Bizkaian aurkezteko, kontzertuak izango dira maiatzaren 15ean Elorrion https://www.gaztezulo.eus/albisteak/musikazuzenean-webgunea-bizkaian-aurkezteko-kontzertuak-izango-dira-maiatzaren-15ean-elorrion/@@download/image/2011542400MusikaZuzenean_kontzertu_akustikoa_.jpg
2012/12/13
berria
Musikazuzenean webgunea Bizkaian aurkezteko, kontzertuak izango dira maiatzaren 15ean Elorrion
Jaialdi akustikoa izango da, Arriola antzokian arratsaldeko 19:00etatik aurrera eta formatu txikian diharduten hainbat musikarik parte hartuko dute, tartean, Anarik, Joseba Irazokik, Mursegok, Sorkunek eta Pettik.

Musikazuzenean egitasmoa Bizkaian aurkeztea helburu duen saioak bi orduko iraupena izango du, orotara 12 bat proposamen ezberdin taularatuko dira –gehienak bakarlariak gitarra akustikoekin– eta artista bakoitzak 10 minutuko tartea izango du hiru kantu interpretatzeko. Emanaldi bizi eta dinamikoa izango da Arriola antzokikoa, hortaz
Normalean areto txikitan aritzen diren egitasmoak bilduko dira Elorrion. Musikari beteranoak eta gazteak, baina denak bide berriak jorratzeko saiakera egiten ari direnak. Oihartzun apala izan arren, eszena esanguratsua, bizia eta interesgarria osatzen dute, eta beraiek izango dira protagonista maiatzaren 15ean , 19:00etatik aurrera, Elorrion: Joseba Irazoki, Morau, Jon & Sugramas, Mursego, Anari, Sorkun, Petti, Mary Mey, Moby Dick, Azkaiter Pelox eta Keu Agirretxea. Egun formatu txikian ari diren artisten bilkura modukoa izangoda, momentuko erradiografia.
Sarrerak 10 eurotan daude salgai dagoeneko eta antzokiak 350 eserleku ditu, beraz, bizkor ibili.




Sei hilabeteko ibilbidea


MusikaZuzenean webgunea 2010eko urrian sortu zen Euskal Herriko zuzeneko eszena bultzatu eta sustengatzeko asmoz. Sei hilabete hauetan zehar, makina bat musika ekitaldiren berri eman dute, baina aurrera begira argazkigintzaren alorrean ere zer edo zer egiteko asmoa dute, eta, horretaz gain, mahai inguruak nahiz mintzalidak prestatu nahi dituzte.