Musikasten: euskarazko musikaren entziklopedia handia

Euskararen nazioarteko egunean jaio da Musikasten (www.musikasten.eus) portala, 1960. urtetik hasita gaur arte euskaraz abestu duten artista zein talde guztiak indexatu nahi dituen proiektua. Gure hizkuntzan argitaratutako diskak, konposatutako abestiak, talde eta artistak aurkitu daitezke bertan. Baina ez hori bakarrik: letrak kontsultatzeko, audioak entzuteko, bideoklipak ikusteko eta musika erosteko aukera ere ematen du atari entziklopedikoak.
Jada 500 talde, 1.600 disko eta 12.500 abesti daude bilduta eta zerrendatuta. Honela, lehengo bilketa lan horren ostean martxan da proiektua. Argitaratzen diren diska eta abesti berriekin osatzen joango da eta informazio guztia doan izango da.
Bilaketa-motorrari esker, era guztietako datuak bilatu ditzakete erabiltzaileek: artista baten ekoizpen musikal osoa, sare sozialetan dituzten kontuak (Facebook, Twitter, Myspace, Instagram, etab.), plataforma digitaletan duten presentzia (Spotify, Youtube, Deezer, Soundcloud, Bandcamp, etab.), eta baita euren sorkuntzan non erosi litezkeen esteka.
Are gehiago, hitz zehatz bat (hiri baten izena, urteko hilabete bat, izen propio bat...) edo esaldi oso bat bilatu daiteke, bilatutakoarekin zerikusia duten abestiak azalduko direlarik bilatzailean. Mapa osatu bat ere badu webguneak, Euskal Herriko artista eta taldeak euren jatorrizko herrietan aurkitzeko.
Musikasten ekimenaren bultzatzaileen asmoa euskarazko musika sustatu eta zabaltzen laguntzea da, musikak bizi duen une artistiko bikaina aprobetxatuz eta sarean euskara indartuz. Honela, euskarazko talde berrien promozio-kanala izan nahi du Musikastenek.
Viasona (www.viasona.cat) webgunea sortu zen lehenik, katalanez egindako musika ekoizpena biltzen duen plataforma. Hamar urte baino gehiagoko ibilbidea du eta 100.000 abesti ditu bilduta, Kataluniako musikaren webgune erreferente eta liderra da. Geroago, 2019an sortu zen Trobasons (www.trobasons.com), okzitanierazko musikaren ataria; 15.000 abesti ditu. Tirabol Produkzioak (www.tirabol.cat), 15 urteko ibilbidea duen enpresak, sortu duen azken proiektua da Musikasten.