Musikariei sortu, ikasi eta haien lana plazaratzeko aukera ematen dien Arkupehotsak egitasmoan izena emateko epea zabaldu dute
Kulturaz Kultur Kooperatibak Arkupehotsak egitasmoaren bederatzigarren ediziorako deialdia ireki du, musika sortzaileen plaza izaten jarraitzeko asmoz. Musika eta soinuaren inguruan sortzea, ikastea eta hura plazaratzea dira helburu nagusiak, eta horretarako bidean lagundu eta baliabideak eskaintzea. Edizio honetan, gainera, edozein musika taldek zein bakarlarik eman ahalko du izena, hasiberria izan ala ez, eta egonaldia ere antolatuko dute.
Hautatutako musikariek Dinamoa sormen guneko espazioak eta baliabideak erabili ahal izango dituzte, urtarriletik apirilera, entseguak egiteko eta zuzenekoa prestatzeko.
Urtarrilaren 30ean eta 31n taldeek formakuntza-egonaldia egingo dute. Musika sortzeari, ekoizteari eta plazaratzeari buruzko hiru saio izango dituzte. Eñaut Gaztañagarekin grabaketa, maketa eta produkzio-lana nolakoa den ezagutuko dute. Osa eta Mujika dantzariek, eszenaratze eta eszenografia on bat prestatzeko aholkuak emango dizkiete. Azkenik, euskal musika-zirkuituan mugitzen diren hainbat profesionalekin komunikazioaz, hedapenaz eta industriaren funtzionamenduaz arituko dira. Formakuntza egingo duten asteburuko egonaldian ostatu- eta otordu-gastu guztiak barne egongo dira.

Musikariek haien abestiak ezagutarazteko aukera ere izango dute. Musikariek emanaldi bat egingo dute, apirilaren 23tik 25era izango den Arkupehotsak asteburuan. Zuzeneko horretan talde bakoitzari abesti baten soinua eta irudia grabatuko dizkiete, etorkizunean bideoklipa sortzeko. Asteburua borobiltzeko, Marenek kontzertua eskainiko du Sanagustin kulturgunean. Talde bakoitzak 300 euroko ordainsaria jasoko du emanaldiagatik, eta apirileko asteburuko ostatu- eta otordu-gastu guztiak ere barne egongo dira.
Izen-ematea hemen egin daiteke, abenduaren 13ra arte.
