Anne Lukinek bere maitalea sorgindu du 'Eta hala ere' abestian
Iruñeko Anne Lukinek diskoko Niña pija, Nere zortea eta Y sin querer kantuak aurkeztu ditu, eta gaur azken aurrerapen kantua kaleratu du: Eta hala ere. Kantu pop- groovy honetan maitemintzeak dakarren sorginkeriari buruz hausnartu du. Maitasun berri baten aurka borrokatzea baino, haren aurrean amore ematea hobe dela erakusten du.
Narratzaileak maitasunaren aurrean sortzen den zaurgarritasuna jasateko kontsolamendua bilatzen du. Mendeku moduko bat izango balitz bezala, sorginkeria baliatuko du maitaleak bere abestiarekin dantza egin dezan. Umorearen eta metafora koloretsuen laguntzaz, bertigo horri aurre egingo dio.
Abesti honen bidez beste dimentsio bat zabaldu du Lukinek bere musikagintzan, soinu ilunagoen bila baina ohiko duen argitasuna galdu gabe.
Lisboa kantua sortu zuen Gorka Urbizurekin batera Al dia siguiente izeneko diskorako, eta oraingoan euskarazko abesti bat baino gehiago konposatu ditu disko berrirako. Euskarazko eta gaztelaniazko kantuak bilduko ditu eta 2027aren hasiera aldera kaleratuko duela dirudi, martxoan hasiko baitu aurkezpen bira.
Lehen kontzertua Bilboko Bilborocken emango du, martxoaren 4an. Bartzelonan joko du hurrena, martxoaren 11n, eta iragarri duen hirugarren emanaldia Madrilen izango da, martxoaren 18an. Sarrerak eros daitezke dagoeneko.
