Musikaren zuzeneko istanteak, ikusgai Andoainen

Musikaren zuzeneko istanteak, ikusgai Andoainen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/musikaren-zuzeneko-istanteak-ikusgai-andoainen/@@download/image/20121021522zuzeneko_istanteak.jpg
2012/12/13
berria
Musika argazkien erakusketa kolektiboa da 'Zuzeneko istanteak'. Hogei argazkilarik osatu dute bilduma, baina ez dira profesionalak, argazkilaritza eta musika uztartzea gustuko duten lagunak baizik. 2011 eta 2012 urteetan, hainbat kontzertutan egindako 60 irudi dira, eta urriaren 13ra bitarte izango dira ikusgai Andoaingo Bastero kulturgunean. Baina erakusketatik haratago, beste hainbat jarduera ere egingo dituzte bi asteotan.

Egungo euskal musikaren eszenaren erradiografia da Zuzeneko istanteak. Iragan irailaren 28an zabaldu zuten, eta urriaren 13ra bitarte izango da ikusgai Andoainen. Hogei argazkilarik egindako zuzeneko 60 irudik osatzen dute, kontzertuetako une berezi eta gogoangarriak harrapatzen dituztenak. Besteak beste, El Drogas edota Berri Txarrak taldeetako argazkiak aurkituko ditu ikusleak.

Argazkilarien artean daude, Saioa Cabañas 'Gauilunak', Josu Txintxurreta, Garbiñe Irizar, Makoki, Iñigo Serrano, Ander Kerejeta, Koldo Orue edota Joseba Barrenetxea.

Baina erakusketaz gain, beste hainbat jarduera ere prestatu dituzte. Gaur bertan, esaterako, DZ Master Class egingo dute Zigor Lanpre irakaslearen eskutik. Euskal Herriko musika eszenako musikari ezagunak 90. hamarkadan abiatu zuen bere ibilbidea Selektah Kolektiboa izeneko taldean. Gerora, Fermin Muguruzarekin eta Esne Beltzarekin ere ibili da.

'Zuloak' dokumentala

Muguruzaren dokumental arrakastatsuak ere izango du bere tartea Andoainen. Urriaren 5ean, ostirala, Basteroko zinema aretoan proiektatuko dute Zuloak 22:30etatik aurrera.

Datorren astean, halaber, mahai ingurua egingo dute Egungo musika mugimendua Andoainen hizpide hartuta. Gaian interesa duen edonori zabalduko dizkiote ateak.

Musika maratoia


Bi asteko erakusketa eta jardunaldiei amaiera emateko, Musika maratoia egingo dute larunbatean, urriak 13, Andoaingo tabernetan. Hona hemen egitaraua:

21:30-22:30 Aker Beltz taberna.
Toro y la chica del Frenesi.

22:30-23:30 Ganbara taberna.
Xabi eta Petti.

23:45-00:45 Txitibar taberna
Zuhaitz Zatitxuak Blues Band.

01:00-02:00 Irunberri taberna
Ditry Brothers.