Musikarekin lotutako ekintzak antolatu dituzte, familientzat, Iruñeko Ezpeletaren jauregian
Ezpeletaren jauregiko patioak familientzako programazioa izango du aste honetan ere, eta musika izango da ardatza. Orkestrònia musika-instalazioa eta Txiki Rock euskarazko musika-kontzertua prestatu dituzte. Bi ekintzetarako sarrera doakoa izango da, eta San Frantzisko kaletik sartu beharko da patiora.
Gaur, Orkestrònia instalazioa izango da, 18:00etatik 21:00etara. Orkestrònia soinu-esperimentaziorako instalazio parte-hartzailea da, La Cresta konpainiak berak eginiko tresnez osatua. Zortzi urtetik gorako haurrei zuzenduta dago eta heldu batek lagunduta joan beharko dute. Iritsitako ordenan sartuko dira patiora, eta 20:30ak arte izango da sartzeko aukera.

Bihar, berriz, Vitamin Produccionesek Txiki Rock. Euskal Rockari Errepasoa kontzertua emango du, 19:30etik aurrera, eta bertan euskal rock kantu ezagunak joko dituzte, tartean Kortatu, Itoiz eta Hertzainak taldeenak.
Datorren astean ere izango da zertaz gozatu. Batetik, asteartean, munduari buelta emateko berrogeita hamar jokodun instalazioa jarriko dute eta, bestetik, asteazkenean, Ooh! boskotearen kontzertu eszenikoa izango da.

