Musika urbanoa izango da Donostikluba Festibalean
Ginmusicak eta Donostia Kulturak antolatuta, soinu urbanoei eskainitako zuzeneko bi gau izango ditu Donostikluba Festibalaren hemezortzigarren edizioak. Urriaren 6an,ostiralean, Orslok eta Haizeatxo ta Tximu arituko dira, eta larunbatean, hilaren 7an, Khaled eta Tinez.
Orslok youtuber eta abeslari gaztearen kantuak arrakasta handiko zerrenda ugaritan agertzen dira. Zaleek bere kantu "limurtzaileak", bere "nortasun harrigarria" eta bere zuzenekoa goraipatzen dute.

Haizeatxo ta Tximu bikoteak iaz argitaratu zuen Ez naiz zu bezalakoa kanta eta geroztik, hainbat kontzertu eskaini dituzte. Haizeatxok orain dela hiru urte argitaratu zuen lehenengo bideoa eta ordutik euskal raparen eszena alternatiboan murgildu da. Tximuk Azken hatsa punk talde gasteiztarrean abeslari lanetan jardun zuen rapera jauzi egin baino lehen, eta iaz ere argitaratu zuen bakarkako lehenengo bideoklipa.

Khaled (Jalid Rodríguez) 1990ean jaioa da Granadan, aita huelvarra eta ama marokoarra ditu. Kontzientziak astintzen dituen trap artista horietakoa da.
Iñigo Martínez de Nanclares, Tinez izenez ezagunagoa, rapero, abeslari eta konpositore donostiarra da, Amara auzokoa, eta bere kantuetan beti egiten dio erreferentziari auzoari. Haurra zenean hasi zen konposatzen eta rapeatzen, baina ez jendaurrean. 2022ko udan animatu zuten lagunek bere zaletasuna profesionalizatzen saiatzera, eta horrela grabatu zuen Qué tal? estudioko lehen singlea, 300.000 erreprodukzio baino gehiago dituena plataforma digitaletan.

Emanaldiak 20:30ean hasiko dira eta sarrerak salgai daude Donostia Kulturaren ohiko kanaletan.
