Musika tresnak sortzeko artea

Musika tresnak sortzeko artea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/musika-tresnak-sortzeko-artea/@@download/image/enekora_dsf4896_1411735829.jpg
2014/10/06
erreportajea
Argazkiak: David Moilna.Testua: Saioa Baleztena
Musika tresnak sortzeko artea
Luthier izenarekin ezagutzen dira sokazko musika tresnak sortu edo moldatzen dituzten pertsonak. Normalean ezagunegiak izaten ez diren arren, zalantzarik gabe, edozein musikarirentzat ezinbertzekoa da eurek egiten duten lana.


Zugarramurdin dute kanpaleku nagusia Xabi eta Christophe Luberriaga anaiek. Xabik oraindik oroitzen ditu eurek ttikiak zirenean aitatxiren zurgin lantegian igarotzen zituzten momentuak. Ttikitatik izan dute "eskulanetan aritzeko zaletasun handia", eta orduak pasa zitezkeen lantegiko tresnekin jolasean ibiltzen ziren bitartean.

Gaztetxoak zirenean, hala ere, bide desberdinak hartu zituzten. Christophe soinu eta argi teknikaria da ogibidez eta Xabi, aldiz, zurgina. "Gazteagoak ginenean ez genuen sekula pentsatu musika instrumentuak egitetik bizi ahal izango ginenik" eta horregatik, bakoitzak bere bidea egin zuela azpimarratu du Xabik. Denbora gutti behar izan zuten, hala ere, biak batzen zituen pasioaren bitartez euren lantegia irekitzeko. Gaur egun, Christophe Kalakan taldearen musika eta argi teknikaria da, eta lantegian egoteko denbora guttiago duen arren, Xabik jarraitzen du bertan.

Hastapenetan, antza, musika tresna akustikoak egiten zituzten bakarrik. "Prozesu luzeagoa da, eta musikarien beharrak asetzeko asmoz", instrumentu elektrikoak ere landu zituzten gero. Bakoitzak bere berezitasuna du, hala ere: Christophek musika tresna exotikoak sortzen ditu eta Xabik, aldiz, bibolinak eta gitarrak, flamenko, akustiko zein elektrikoak. Orain, hala ere erronka berri batean murgilduta dagoela aitortu digu, eta "dena behar bezala badoa" hilabete honetan bukatuta izango du bere lehendabiziko trikitixa.

Luthierrek musikarientzat lan egiten dutenez, krisiaren eragina zuzenean nabaritzen dute. "Tamalez, arteak inoiz laguntzarik izan badu", orain desagertu dela ziurtatzen du Xabik eta ondorioz, artistei lana "behar bezala kobratzea" gero eta zailagoa omen da. Baina, luthierraren hitzetan lanik ez zaie sekula falta, eta krisiaren eraginez geroz eta musika tresna guttiago erosten direnez, instrumentuen moldaketan nabaritu dute lan gorakadarik handiena.

Kora: 21 sokadun harpa
Luberriaga anaiek sortzen dituzten musika tresnen artean bitxiena izango da, ziurrenik, Afrika mendebaldetik datorren kora. 21 soka ditu eta erresonantzia kaxa kalabaza bat erditik moztu eta larruarekin bilduta sortzen dute. Christophek Afrikan, Burkina Fasoko hiriburuan bi urtez bizi zenean ezagutu zuen hango instrumentu tradizionala eta "Euskal Herrira itzuli zenean, kora akustikoa elektriko bilakatzea" erabaki zuela azaldu digu anaiak.

Euskal Herrian oraindik ezezaguna den arren, geroz eta protagonismo handiagoa hartzen ari da kora, eta Luberriaga anaiek sortzen dituzten gehienak "afrikarrek erosten dituen arren", geroz eta gehiago omen dira "instrumentu berezi hau jakinminez erosten duten musikari euskaldunak ere".

Eneko Larrañaga (Enekora) da, hain zuzen ere, Euskal Herrian kora jotzen duen euskal musikari bakarra eta berarekin izan gara musika tresna eta ibilbidea gertuagotik ezagutzeko asmoz.

Eneko Larrañaga


"Emozioen iturria da kora"

Betidanik gitarra jo duen Eneko Larrañaga (Zestoa, 1982) korak liluratu zuen duela hamar bat urte. Bera da Mendebaldeko Afrikatik datorren 21 sokadun harpa jotzen duen euskaldun bakarra.


Noiz eta nola hasi zinen kora jotzen?
2004 inguruan izan nuen koraren berri lehen aldiz, Vilafant-en (Girona) egin nuen perkusio afrikarraren inguruko ikastaro batean. Djembea irakasten zuen maisuak jotzen zuen, eta hark korak egiten zituela jakin nuenean, niretzat bat egiteko eskatu nion.

Pixkanaka kora zure proiektuaren zutabe nagusi bilakatu da.
2006an Dugukolo taldea sortu genuenenean kora ez zen oraindik nire proiektuaren muina, baina argi nuen lehenago edo beranduago korarekin zerbait egingo nuela.
Enekora sortu zenuen. Duela urtebete kaleratu zenuen ‘Kora Izpiak’ diskoa, eta bakarka grabatu zenuen arren, talde formatua hartu du gero.
Lan hori bost urtetan sortutako hamar kantek osatzen zuten, eta ordura arte bakarrik ibili nintzen arren, diskoa taldean jota entzungarriagoa egin zitekeela iruditu zitzaidan. Horregatik, abestiak moldatu eta lagun batzuei proposatu nien froga egitea. Eta oraintsu aldaketa batzuk egin ditugu eta baxua ere sartu dugu.

Aurretik, hala ere, talde desberdinetan aritu zinen. Zertan desberdintzen ziren horiek Enekorarekin?
Ttakunpa taldearekin perkusio eta dantza afrikarrak txalapartarekin uztartzen genituen, ikuskizun bizia zen. Acoustic Glorious taldean, aldiz, kora, perkusioa, gitarra eta ahotsa neuk sartzen nituen, Iban Nikolaik didgeridooa eta Antonio Lizanak, azkenik, saxoa, zeharkako txirula eta kantu flamenkoak. Hiru mundu musikalen topaketa berezi bat egiten genuen horrela.

Enekoran, aldiz, soinuak bereizgarritzen zaitu.
Noski, Enekora proiektua koran oinarritzen da, eta harpa honen berezitasuna soinuak sortzen dituen goxotasuna eta argitasuna da. Kora adierazpen handiko instrumentua izanik emozioen iturria da. Ildo horretatik jaiotzen dira gero ahotsa eta baita gainontzeko instrumentazioa ere.

Zer duzu inspirazio iturri nagusi?
Zalantzarik gabe, entzuten dudan musikak bide batzuk zabaltzen dizkit, baina, oro har, sentipenetatik sortzen dut beti. Jolas baten modura hartzen dut egia esan, inprobisatuz...

Azpeitian gitarra irakasten duzu. Kora irakastea pentsatu al duzu?
Berez, kora irakasle izan nintzen gitarra irakasle izan aurretik. Duela hainbat urte Euskal Herrira bizitzera etorri zen mutil ingeles bat ezagutu nuen, kora bat zuen eta bertako norbaitek gomendatuta, nirekin harremanetan jarri zen musika tresna ikasi nahi zuelako. Orduan lanik gabe nintzen eta gitarra irakasten hastea ere bururatu zitzaidan.

Oraindik jarraitzen al duzu kora irakasten?
Oraintxe ez dut ikaslerik, baina gustura egingo nuke. Hortaz, edonork interesa izango balu jar dadila nirekin harremanetan!

Zein da zure erronka nagusia etorkizunerako?
Musikaz bizitzea eta gauzak maitasunez egiten jarraitzea.