Musika pizgarria

Musika pizgarria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/musika-pizgarria/@@download/image/37p13-1.jpg
2004/01/02
erreportajea
Musika pizgarria
Eskualdeko musikariak sustatzeko sortu zen Tolosaldea Musikaz Piztuz izeneko ekimena duela bi urte. Eskualdeko taldeen musika bilduma kaleratu dute berriki.

Gogoa eta ilusioa ez zaizkie falta Tolosaldea Musikaz Piztuz taldeko kideei. Eskualdeko musika taldeen lana ezagutarazteko sortu zen ekimena. Zergatik? Josu Ozaita bultzatzaileetako batek eman digu erantzuna: "Hasi berria den talde batentzat diskoa grabatzea ez da erraza, izan ere, diskoetxeek talde horretan sinesten ez badute, taldeak jai du. Bestalde, kontzertuak ematea ere zaila da.

Eskualdeko musikariak lagundu nahi ditugu". Asmo horrekin hasi ziren lanean, eta lau gaztetxek bat egin zuten ekimenarekin: Ibarra, Amezketa, Anoeta eta Tolosako San Blas auzoko gaztetxeak prest zeuden eskualdeko taldeen kontzertuak antolatzeko. Lehen urratsa emana zegoen, baina Tolosaldea Musika Piztuz taldekoak ez dira konformaerrazak: "
Inguruko taldeen musika bilduma egitea otu zitzaigun, eta lan franko egin ondoren, kalean da ekimenaren izen bereko CDa",dio  Ozaitak.

Hamar talde hamar kantu

Hilaren 2an aurkeztu zuten CD-a eta Tolosaldeko 10 talderen kantu bana bildu dituzte bertan. Zenbait estilotako koktel freskoa da bilduma: batukadak, funkya, bertsoak, triki pop-a, heavya… Eta prezioa autoekoizpen baten tamainakoa: 5 euro besterik ez! Taldeen artean honakoak daude: Ezein, Hell Beer Boys, S. P., Guda Garaia, Agaotz… "Estilo guztietara zabalik gaude. Gainera, berdin zaigu taldeak zein hizkuntzatan egiten duten. Bertako jendeak egindakoa laguntzea da gure helburua", dio Ozaitak.

Ez da hor amaitzen, ordea, gazte hauen lana, izan ere, hilaren 7tik 24ra Musika Hamabostaldia antolatu dute lehen aipatu gaztetxeetan: kontzertuak, bideo emanaldiak, mahai-inguruak…...