Musika mugi!

Musika mugi! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/musika-mugi/@@download/image/92p57Musikagida.jpg
2009/01/02
erreportajea
Musika mugi!
2009ko Musikagida kalean da jada. Bigarren edizio honek Euskal Herriko 350 musika talderi buruzko informazioa dakar 180 orrialdetan barrena. Kontratu diskografikorik gabeko taldeak dira guztiak.

Duela bi urte argitaratu zuten lehenengo aldiz, baina denbora honetan aldaketa ugari izan direnez, eguneratzea erabaki zuten. Izan ere, orduko talde asko desagertuta daude, beste asko sortu dira, eta zenbaitek diskoa dute jada.

Horrela, bigarren edizio honetan, kontratu diskografikorik gabeko 350 talderen fitxak jaso dituzte, bakoitzaren argazki, biografia eta kontaktuekin. Aurrekoan baino 50 talde gehiago. Sekulako erantzuna, batez ere, Euskal Herriaren tamaina kontuan hartzen badugu. 350 talde horietatik 29 arabarrak dira, Bizkaikoak 109, Nafarroa Beherekoak 3, Lapurdikoak 17, Gipuzkoakoak 141 eta Zuberoakoak, berriz, 2.

Horrez gain, Copyleft mugimenduaren nondik norakoak azaltzen dituen erreportaje mamitsua dakar, hainbat argazki galeria eta musika munduari lotutako kontaktu zerrenda interesgarriarekin batera. Gainera, bi cd-tan banatuta, 300 musika talderen abestiak jaso dituzte, opari gisa. Mamiari dagokionean, errepertorio anitz eta koloretsua du: hardcore azkarrenetik hasi, reggae edo folkean geldialdia egin, eta heavy astunenera bitarte. Gurean errotuta dagoen estilo aniztasunaren erakusle ona, dudarik gabe. Gainera, jarrera kontua da, taldeok ez dute batere zerikusirik SGAE edo SACEM elkarteekin. Musikagida Euskal Herriko hainbat taberna eta gaztetxetan eskuratu daiteke, 13 euroren truke.