Musika, moda eta jolasak izango dira Gasteizko VI. Afrikaren Astean
VI. Afrikaren Astea egingo dute Gasteizko Foruen Plazan larunbatean. Jaialdia herritar guztiei zuzenduta dago eta jolasez, tailerrez, modaz, erakusketa batez eta musikaz jantzi dute egitaraua.
Hasteko, Gasteizen dauden Afrikako diasporako erakundeek egindako lana erakutsiko dute. Bestetik, nahi duenak, hennazko tatuajeak eta afrikar txirikordak egin ahal izango ditu, baita artaburu bilketan eta ping-pong txapelketetan parte hartu ere. Horrez gain, Oihal artean: Afrikako oihalen tradizioa Gasteizen erakusketa ibiltaria izango da pilotalekuan.
Afrikako eta Euskal Herriko jantzi tradizionalen desfilea egingo da arratsaldean eta, egunaren amaieran, DJ Eromena, Kultura Reggae Band eta Mikel Urdangarinen kontzertuak izango dira.
Aurreikusitako jarduerak jende guztiarentzat zabalik daude, baina azokan, torneoetan, bisita gidatuetan edo desfilean aktiboki parte hartzeko, izena eman behar da esteka honetan.
Egitasmo honen helburuak Afrikako, Arabako eta Euskal Herriko biztanleen arteko bizikidetza sustatzea, elkar ezagutzea, eta artea, musika, dantza, moda tradizionala eta, oro har, Afrikako kulturak ezagutaraztea dira. Gasteizko Afrikako diasporako erakundeen elkarteak, 21 elkartek osatutakoak, antolatzen du Afrikaren Astea.
