Musika independentearen MIN sarietarako hautagaitza aurkezteko epea zabalik da

MIN sarietako kategoria ezberdinetan hautagai izateko izen-ematea zabalik da eta, kategorietako bat, urtero bezala, Etxepare Euskal Institutuak eskaintzen duen euskarazko diskorik onenarentzako saria izango da. Ostiralera arte, hilak 18, egongo da hautagaitzak aurkezteko epea zabalik. Aurreko urteko edizioan, euskarazko diskorik hoberenaren saria Ruper Ordorikak jaso zuen, Bakarka diskoarengatik.
2021ean auto-argitaratuak edo argitaratutako diskoak, EPak edo singleak dituzten artista eta zigilu independente guztientzat dago izena emateko epea irekita. Prozesu hori diskoetxeek, musika argitaletxeek, artistek edo kudeatzaileek egin dezakete MIN Sarien webgunearen bidez. Proposamenak jaso ondotik, publikoak bozkak emango ditu eta kategoria bakoitzeko hamabost aukeratuko dira horrela. Jarraian, epaimahaiak hautatuko ditu izendatuak izango direnak.
MIN Sariak Iruñean banatuko dituzte aurten, apirilaren 27an. Nafarroako hiriburuak 3.000 pertsona baino gehiagoko tokia duen aretoan hartuko du gala, Navarra Arena espazioan. Berrikuntzak ere izango dira aurtengo edizioan, esaterako, sari-banaketara joateko aukera izango da sarrera erosita. Horretaz gain, letra originalena duen abestiari saria emango diote; gaztelaniaz, galegoz, katalanez edo euskaraz idatzitako abestiek hartu ahal izango dute parte kategoria honetan. Bestetik, zuzeneko onena ere sarituko dute.
Unión Fonográfica Independiente-k antolatutako sariak 2009. urtean sortu ziren Espainiako Estatuko sorkuntza artistikoari, kultur aniztasunari, talentuari eta musika alorreko enpresa txiki eta ertainek ekoiztutako lanei ikusgarritasuna emateko, eta musika independentea estatu mailan eta nazioartean sustatzeko.