Musika eta gastronomia uztartuko ditu Tolosako Kultura Plazara jaialdiak

Musika eta gastronomia uztartuko ditu Tolosako Kultura Plazara jaialdiak Ostiraletik igandera, kontzertuak eta janari eta edari dastaketak izango dira Zumarditxikian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/musika-eta-gastronomia-uztartuko-ditu-tolosako-kultura-plazara-jaialdiak/@@download/image/kultura plazara.png
2022/07/13

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Ostiraletik igandera, kontzertuak eta janari eta edari dastaketak izango dira Zumarditxikian.
Musika eta gastronomia uztartuko ditu Tolosako Kultura Plazara jaialdiak

Kultura Plazara jaialdia formatu berrituarekin egingo da aurten, gastronomia eta kultur emanaldiak bateratuta. Uztailaren 15etik 17ra,  puntako kontzertuez gain, dastaketa gastronomikoak ere egongo dira Zumarditxikian.

Bi gune egongo dira Zumarditxikian: Gune Handia kontzertuetarako eta Gune Txikia, Herrixka izenekoa, dastaketa gastronomikoetarako. Kontzertuekin batera, ostiralean eta larunbatean Herrixka gunea ere zabalik izango da AMA jatetxearen eta Iñaki Telleria sukaldariaren eskutik, eta bertan jateko mahaiak eta aulkiak jarriko dira.

Ostiralean, arratsaldeko zortzietan irekiko dute gunea eta, ordu laurden geroago, show cooking eta dastaketa izango da Javi Riveroren eskutik. Gaueko hamarretan Swingtonics taldearen kontzertua izango da eta, hamaika eta erdietan, Zigor DZren kontzertua. Goizaldeko ordu bata eta erdietan itxiko dute gunea.

Larunbatean, eguerdiko hamabietan zabalduko dute gunea eta ordu erdi geroago kalejira egingo dute Euskal Herria Plazatik Zumarditxikira, Broken Brothers Brass Band-ekin. Ondoren, 13:20an, bermut dastaketa egingo dute. Eguerdiko ordu bietatik arratsaldeko zortzietara musika izango da gune txikian. Arratsaldeko zortziak eta laurdenetatik aurrera, Rukula, El Txef A, eta Anari, arituko dira, eta El Txef A-k emango dio amaiera gauari, bigarren emanaldiarekin. 

Igandean, 11:00etatik 16:00etara, haur parkea jarriko dute. Eguerdiko hamabi eta erdietan sagardo edarien dastaketa izango da, eta lauretan itxiko dute gunea