Musika eta dantza ez dira faltako Malabo herriaren aldeko gazte jaialdian

Musika eta dantza ez dira faltako Malabo herriaren aldeko gazte jaialdian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/musika-eta-dantza-ez-dira-faltako-malabo-herriaren-aldeko-gazte-jaialdian/@@download/image/malabo_kartela_1358325503.jpg
2013/01/16
berria
Ekuatore Gineako Malabo herriarekin elkarlanean, hainbat ekintza antolatu ditu Donostiako Aiete auzoko kultur etxeak, eta horietako bat hilaren 26an —larunbata— egingo duen gazte jaialdia da. Bertako gazteek atsegin dituzten funky, hip-hop, reggae eta rap doinuak ez dira faltako ekitaldian, ezta dantza saiorik ere.


Ekuatore Ginea eta oro har Afrikar kontinentea hurbilagotik ezagutzeko asmoz, haur, gazte eta helduentzako jarduerak antolatu dituzte Aieteko kultur etxean. Besteren artean, Malaboko eskolentzako material bilketa, haurrentzako film proiekzioak, tailerrak, joko kooperatiboak eta janari dastaketak egin dituzte eta egingo dituzten datozen egunotan.

Horien artean nabarmentzekoa izango da urtarrilaren 16an, larunbata, egingo duten Malabo Gazte Jaialdia. Bertara hurbilduko dira Ekuatore Gineako Karlos eta Sergio Ngema dantzari eta abeslariak, gure artean oso ezagunak diren bi anaiak, eta festari erritmoa jartzeaz arduratuko dira.

Musika eta dantza
Baina Ngema anaiek beste hainbat artistaren laguntza izango dute arratsaldea girotu eta hurbiltzen diren gazteekin ongi pasatzeko. Esaterako, DJ Nead-ek musika elektronikoa pintxatuko du eta Saunah abeslari ezagunak hip hop eta rap doinuak aurkeztuko ditu.

Sergio Ngemaren ekimenez sortutako Slowww dantza taldeak ere kaleko dantza, teknika, musikaltasuna eta koreografia anitz biltzen dituen ikuskizuna aurkeztuko du, estilo ezberdinak barneratuz, eta ikus-entzuleek haiekin dantzatzeko aukera izango dute.

2006an sortutako The Breathless taldeak ere ez du hutsik egingo, eta hip-hopa nahiz beste estiloak fusionatuz, sinkronizazio handia eskatzen duten lanak eskainiko dituzte.

Baina aipaturiko kontzertu eta emanaldiez gain, beste hainbat sorpresa ere izango direla aditzera eman dute antolatzaileek, eta dantza eta musikaz gozatzera gerturatzeko deialdia luzatu diete Euskal Herriko gazte guztiei.