Musika eta arte eszenikoen jarduerak izango dira datorren astetik aurrera Gipuzkoan Gazte Tour-en eskutik

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Departamentuak Gipuzkoan Gazte Tourraren edizio berria aurkeztu du. Musikarekin eta arte eszenikoekin lotutako hainbat jarduera biltzen dituen programa da, 16 eta 25 urte bitarteko gazte gipuzkoarrei zuzendua.
Aurreko edizioan parte hartu zuten sei udalerriei (Andoain, Arrasate, Eibar, Errenteria, Hondarribia eta Zumarraga), Ordizia, Tolosa eta Zarautz gehitu zaizkie aurtengoan.
Lehenengo jarduera maiatzaren 21a izango da Andoainen, eta ekainaren 11n izango da bigarrena, Ordizian. Andoainen Easy S Space Malagako rapzalea eta Hammurabi taldeko kidea izango da. 23 urteko Ainara Rodriguez, Laina izen artistikoz, ere bertan izango da. Rodriguez poesian murgildu zen lehenik eta musikari heldu zion gero. 2020an Origen izeneko lehen diskoa kaleratu zuen. Estilo bat baino gehiago biltzen dituen diskoa prestatzen ari da orain, eta rap gordina da haren motor nagusia. Andoaingo emanaldia borobiltzeko, DJ Ander eta DJ Leinup arituko dira.
Ordizian Skakeitan taldearen kontzertua izango da ekainaren 11n, Bustuntza plazan (eguraldi txarra eginez gero, Plaza Nagusian). Skakeitan 2008an Donostian sortutako taldea da. 2012an lehen diskoa grabatu zuten, Ahots gabekoen ahotsa izenekoa, eta beste zenbait lanen ondoren, Nola galdu denbora diskoa kaleratu zuten 2019an. Euren ibilbidea amaituko dutela iragarri berri dute, eta azken birako hitzorduetako bat izango da Ordiziakoa.
Gipuzkoan Gazte Tour-ek geldialdi gehiago ere izango ditu. Zarautzen izango dira ekainaren 16an, Eibarren irailaren 17an, Hondarribian irailaren 24an, Zumarragan urriaren 1ean, Tolosan azaroaren 5ean eta amaitzeko, Arrasaten eta Errenterian. Azken bi udalerri horietarako oraindik ez da datarik zehaztu.