Musika emanaldiak izango dira ostiraletan Iruñeko Enklaves zikloan

Enklaves zikloaren barruan, abuztuko ostiral bakoitzean musika emanaldiak izango dira Media Luna parkean. Popa, rocka eta indiea entzuteko aukera izango da bertan. Parkeko hainbat gunetan egingo dira kontzertuak, hala nola urmaelaren ondoan, Pablo Sarasateren eskulturaren ondoan eta San Bartolome gotorlekuaren kanpoaldean.
3Head taldeak abiatu zuen zikloa joan den ostiralean eta aste honetan, hilaren 11n, Lilo talde nafarra arituko da, pop, rock eta indie estiloko musika egiten duena. Abestien letrak gehienbat euskaraz dira, eta askotariko gaiak jorratzen dituzte, doinu intimista eta lasaiak erritmo dantzagarriagoekin uztartuz. Taldea Maria Mateok (ahotsa eta gitarra), Nekane Iberok (gitarra eta baxua), Pello Iturriak (bateria), Julen Hoyuelosek (gitarra) eta Oihane Gulina Velaskok (pianoa) osatzen dute.
Hurrengo ostiralean, hilaren 18an, Fyra taldeak Homemade Hits albuma aurkeztuko du. Neo soul, indie pop eta indie folk estiloak barne hartzen dituen ingelesezko musika independentea eskainiko du.
Azkenik, abuztuaren 25ean, Zinez taldearen txanda izango da. Alaitz institutuan arte eszenikoetako batxilergoa ikasten zutenean, elkar ezagutu zuten sei ikaslek osatzen dute taldea: Ainara Gorostidi García (ahots nagusiak), June Txibite Salicio (gitarra elektrikoa eta ahots nagusiak), Aimar Jimenez Baquedano (teklatuak, sintetizatzaileak eta koruak), Haritz Arteaga Ros (baxua eta koruak), Ekaitz Larraia Rubio (gitarra elektrikoa) eta Asier Murugarren Sancho (bateria). Bere estiloan rocka nagusitzen da, baina estilo eta talde oso ezberdinen eragina nabari da beren abestietan.
Emanaldiak arratsaldeko zortzietan izango dira, eta sarrera librea izango da.