Musika elektronikoaren erresuman

Musika elektronikoaren erresuman https://www.gaztezulo.eus/albisteak/musika-elektronikoaren-erresuman/@@download/image/50p10-1_1366979581.jpg
2005/03/04
erreportajea
Aritz "Sound System"
Musika elektronikoaren erresuman
GAZTETXULOko aurreko zenbakian, musika beltzaren barruko estiloak izan genituen hizpide. Oraingoan, berriz, musika elektronikoaren eremura egingo dugu txango. Behin baino gehiagotan galdetuko zenion zure buruari, zer ote diren hamaika karteletan irakurritako ingelesezko izen horiek guztiak: house, breakbeat, jungle, drum&bass;, chill out.. ongi etorri musika elektronikoaren erreinura!

Zer da Musika Elektronikoa? Teorian, eta oso modu orokorrean esanda, tresna elektronikoekin egindako musika da. Definizio hau –definizio guztiak bezain subjetiboa-, balioa galtzen ari da denborarekin. Hasieran, tresna elektronikoekin egindako musika nahiko mugatua zen, eta beraz, sailkapenak egitea nahiko erraza zen.

Egun, aldiz, tresna elektrikoak asko ugaritu dira, eta gero eta jende gehiagoren esku daude. Ondorioz, gailu hauekin egiten den musika eremua asko handitu da. Izan ere, gaur egun munduan egiten den musika asko, gailu elektronikoen bidez egiten da. Estiloei dagokienez ere, estilo guztietako musikak egin daitezke gailu hauek erabilita. Gaur egun, gutako gehienok ordenagailu bat dugu etxean (mendebalde “aurreratuan” bai, behintzat), eta etxeko ordenagailu hori baliatuta, grabazio estudio aurreratuenak dituen ia zerbitzu guztiak lor ditzakegu (teorian bai, behintzat).

Hori guztia horrela izanik, “Musika elektronikoaren” barruko estiloak sailkatzen ahaleginduko gara; sailkapena modu subjetibo eta laburrean egingo dugu, hori bai.

TECHNO

Musika elektronikoarekin identifikazio zuzenen bat egitekotan, technoa-rekin egiten da beti. Technoak gailu elektronikoekin sortutako erritmoa du oinarrian. Hotza, errepikakorra eta hipnoptikoa da. Melodiaren gainetik, erritmoa da nagusi: futurismoa, funkadelik, Detroiteko kotxe industriaren zarata, Kraftwerk sintetizadoreak eta espazioa… Klasikoak: Juan Atkins, Derrick May, eta Jeff Mills.

HOUSE

Disco musikaren garapena da batzuen ustez. Chicago eta New York. Erritmo aldetik, antzekotasunik ez zaio falta discoarekin; baina gainontzeko guztian, zalantzak handiagoak dira. 4x4. Techno mota batekin batera, housea gaur egungo dantza musika arrakastatsuena da. Komertzialki ere, diru gehien mugitzen duen estiloa da. Sorkuntza mailan, etengabe ari da garatzen. Bonboaren erresuma dirudi. Klasikoak: M.A.W, Todd Terry eta Larry Heard.

BREAKBEAT

Erritmo apurtua. Rap musikaren anaia azkarra dela diote askok. Besteak beste, Norman Cook bezalako dj, musikari eta produktoreei esker, arrakasta itzela lortu zuen 90eko hamarkada amaieran. Beste estiloekin erraz nahasten da (funkia, technoa...). Klasikoak: Fat Boy Slim, Freestylers eta Finger Lickin Crew.

JUNGLE/DRUM&BASS;/UK GARAGE

Oihaneko erritmo zoroak. Ingalaterrako auzo txiroetako jamaikar etorkinak, erritmo kutxa merkeekin jolasean. Erritmoen esperimentazioa, eta bikoiztutako abiadura. Hasieran, baxu distortsionatuekin eta ragga ahotsekin egiten zen. Baina denbora pasatu ahala, musikari eta produktore zurien eskutik gehienbat, melodikoagoa eta jazzeroagoa bihurtu da. Soul ahotsak. Drum & Bass arrakastatsua. Gaur egun, estiloen jokoan galduta dabil (uk garage, speed garage...). Klasikoak: Goldie, Roni Size eta Metalheadz crew.

LOUNGE/ DOWNTEMPO/ CHILL OUT

Musika elektronikoaren anaia-arreba lasaienak. Bristol hiritik bueltan, komertzialtasunaren jokoan, astebururo izen berria dago kalean. Abiadura lasaiak une aproposerako. Chill-Out: festa amaitzear dagoela, ziztu bizian doazen bihotzak moteltzeko beharra. Lounge: 60-70eko hamarkadetako musiken inspirazioaz egindako erritmo lasaiak. Klasikoak: Thievery Corporation, Kruder & Dorfmeister eta Bristol Posse.

ETHNO-TECHNO

Dagoeneko, definizio hau ia inork ez du erabiltzen. Hala ere, bere garaian, musika tradizional herrikoia eta musika elektronikoaren arteko lotura adierazteko erabili zen. Adibidez, Afrikar musikaren eta erritmo elektronikoaren arteko elkarlanak arrakasta itzela du egun. Gehienetan, norabidea europear dj eta ekoizleetatik afrikar doinuetara joaten da; baina alderantzizkoa ere gertatzen ari da, gero eta gehiago. Brasilgo musikarekin ere antzeko zerbait gertatzen ari da. Klasikoak: Mori Kanteri egindako lehen nahasketak, edota Frederick Galliano eta African Divas.

Definizio hauek, estilo hauen ideia orokorra egin dezagun balio dute soilik. Dena den, azaleko azalpenean geratu baino, hobe genuke musika hauen atzean dagoen mundu (unibertso) zoragarrian barneratuko bagina, gozatzen  modu aproposa baita.

Oharra: Definizio hauek beste batzuk bezain baliagarriak dira, eta edozein epaitegiren aurrean defendatuko ditugu… zigorra handiegia ez bada, behintzat.