Musika Bulegoa Sarietarako proposamenak aurkezteko epea zabaldu dute

Musika Bulegoa Sarietarako proposamenak aurkezteko epea zabaldu dute Beren lana 2021ean jendaurrean aurkeztutako musikariek aurkez dezakete proposamena otsailaren 10era arte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/musika-bulegoa-sarietarako-proposamenak-aurkezteko-epea-zabaldu-dute/@@download/image/3f8faeb7-0602-425c-921d-9a8417913e1b.jpeg
2021/12/22

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Beren lana 2021ean jendaurrean aurkeztutako musikariek aurkez dezakete proposamena otsailaren 10era arte.
Musika Bulegoa Sarietarako proposamenak aurkezteko epea zabaldu dute

Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak (EHMBE) Musika Bulegoa Sariak ekimenaren VI. edizioa jarri du martxan. Euskal musikagintzako eragileek euren proiektu proposamenak aurkezteko epea otsailaren 10era arte egongo da zabalik. Sari banaketa ekitaldia, berriz, datorren maiatzaren 17an izango da Barakaldoko BEC-en.

Antolatzaileek azaldu dutenez, edizio honen helburuak euskal musikaren sektoreari balioa ematea, artisten sorkuntza-lanak sustatzea, haien lanak ezagutaraztea, eta bultzada eta erakusleiho izatea dira. "Euskal Herrian sortu eta ekoitzitako musikaren kalitatea aintzatetsi" nahi dute, eta "baita euskal musikarien eta musikaren sektoreko eragileen jarduera ere". Argi utzi dute asmoa ez dela sarituen artean ranking bat ezartzea, baizik eta "egindako lanak baloratzea eta euskal kulturari egindako ekarpena nabarmentzea".

Adituek (musikariak, kazetariak, musika-programatzaileak, hezkuntzaren eta kulturaren arloan lan egiten duten lagunek…) osatutako epaimahaiak baloratuko ditu aurkeztutako proposamenak, eta hamar sarituetatik zortzi aukeratuko ditu. Gainera, aurreko edizioetan bezala, Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko (EHMBE) zuzendaritza-batzordeak sari berezi bat emango dio Euskal Herriko musika-jarduerarekin zerikusia duen pertsona edo erakunde bati, prestakuntza, sentsibilizazio edo hedapenaren alorretan proiektu nabarmena gauzatzeagatik. Horretaz gain, Etxepare Euskal Institutuak artista edo talde batek euskal musika gure mugetatik kanpo zabaltzeko egindako lana aitortzeko saria emango du. 

Hautagaitzak aurkeztu
Euskal Herriko musikaren sektorean lan egiten duen edozein agentek aurkez dezake MBS 2022rako proposamena otsailaren 10era bitarte. Gainera, Musika Bulegoko bazkideek eta EHMBEko zuzendaritza batzordeko kideek hiru hautagaitza aurkeztu ahal izango dituzte.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "euskaraz egindako lanek edo sorkuntzek balio erantsia izango dute, sorkuntza instrumentalak edo beste hizkuntza batzuetan egindakoak ere aurkez daitezkeen arren, betiere edozein euskal musikarik interpretatzen baditu, musika-generoa edozein dela ere". Lana 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean jendaurrean aurkeztuta egotea izango da bete beharreko baldintza.

Oinarriak hemen daude kontsultagai.