Musika Bulegoa Sarietarako proposamenak aurkez daitezke
Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak (EHMBE) Musika Bulegoa Sariak ekimenaren zazpigarren edizioa jarri du martxan eta, ondorioz, euskal musikagintzako eragileek euren proiektu proposamenak aurkeztu ditzakete.
Euskal musikaren sektoreari balioa ematea, artisten sorkuntza-lanak sustatzea, haien lanak ezagutaraztea eta bultzada eta erakusleiho izatea du helburu sariketak.
Euskal Herriko musikaren sektorean lan egiten duen edozein agentek aurkeztu dezake hautagaitza. Euskaraz egindako lanek edo sorkuntzek balio erantsia izango dutela jakinarazi dute antolatzaileek, sorkuntza instrumentalak edo beste hizkuntza batzuetan egindakoak ere onartzen diren arren. Betiere, lanak 2022an jendaurrean aurkeztutakoak izan beharko dute.
Proposamenak otsailaren 2ra arte bidal daitezke, eta horretarako formularioa bete beharko da. Oinarriak hemen kontsulta daitezke.
Zortzi aukeratu
Epaimahaiak baloratuko ditu aurkeztutako proposamenak, eta hamar sarituetatik zortzi hautatuko ditu. Bestetik, Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko (EHMBE) zuzendaritza-batzordeak sari berezi bat emango dio Euskal Herriko musika-jarduerarekin zerikusia duen pertsona edo erakunde bati, prestakuntza, sentsibilizazio edo hedapenaren alorretan proiektu nabarmena gauzatzeagatik. Gainera, Etxepare Euskal Institutuak ere beste sari bat emango du, artista edo talde batek euskal musika gure mugetatik kanpo zabaltzeko egindako lana aitortzeko.
Sari banaketa ekitaldia maiatzaren 17an izango da, Errenteriako Lekuona Fabrikan.

