'Musika Bizian' jaialdia Galdakaon

'Musika Bizian' jaialdia Galdakaon Euskal musikariei dagokienez, Xabier Solano trikitilaria arituko da Kimua dantza taldearekin batera, eta baita Skakeitan taldea ere. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/musika-bizian-jaialdia-galdakaon/@@download/image/Skakeitan.jpg
2021/11/04

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Euskal musikariei dagokienez, Xabier Solano trikitilaria arituko da Kimua dantza taldearekin batera, eta baita Skakeitan taldea ere.
'Musika Bizian' jaialdia Galdakaon

Estaturik gabeko nazioetako artistak hartzen dituen Musika Bizian jaialdiaren zazpigarren edizioa antolatu du Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak, pandemiak behartutako urtebeteko etenaldiaren ostean. Galdakaoko Iturriondo plazako eszenatokian egingo dituzte emanaldiak ostiralean eta larunbatean, 20:00etatik aurrera. Bost musika-talde arituko dira, horietako bi euskaldunak, eta gainerakoak Sizilia, Kurdistan eta Faroe uharteetatik etorritakoak.

Xabi Solano Maiza trikitilari hernaniarra arituko da ostiralean, eta Kimua Dantza Kolektiboa izango du lagun. Fermin Muguruzarekin ibili izan da Solano munduan zehar, eta Esne Beltza taldea izan du geroztik musika sorkuntzarako aterpe. Bakarkako lanak ere kaleratu ditu azken urteotan, hainbeste maite duen trikitia soinean duela beti.

Bestetik, Skakeitan talde donostiarrak osatuko du euskal partaidetza. 2008an sortu zuten taldea eta ibilbide luzea egin dute ordutik. Nola Galdu Denbora da bere laugarren eta azken diskoaren izena. Hasierako ska doinuetatik abiatuta, beste estilo batzuetan ere murgildu da taldea. Eurek itxiko dute egitaraua larunbatean.

Kanpoko ordezkaritza, berriz, toki ezberdinetakoa izango da. I BeddiSiziliako musika tradizionala berreskuratzeko asmoarekin 2005ean jaiotako seikotea arituko da ostiralean. Larunbatean, berriz, Adir Jan izango da oholtzan, Berlingo Kreuzberg auzoan jaiotako kurdua. Bere musika queer poesiaren, folkaren, mistizismo sufiaren eta rock psikodelikoaren arteko nahasketa gisa deskribatu dute. Danny BaldurssonFaroe uharteetako abeslari eta gitarra-jotzaileak, joko du ondoren. 2016-2018 urteetan mila kontzertu eman zituen Danimarkan, Islandian, Groenlandian eta Alemanian, eta 2019an Song Writing Award saria irabazi zuen, Holy abestiarengatik.

Ohi bezala, eszenatoki nagusiko emanaldiekin batera, bestelako jarduerak ere izango dira, hala nola luthierren azoka, larunbat eguerditik aurrera egingo dutena jatorri desberdineko musika-tresna tradizionalen fabrikatzaileek. Kale-animazio musikala ere izango da herriko taldeen eskutik; Taberna ibiltariak eta Beti Jai txarangak berotuko dute giroa emanaldiak hasi baino ordubete lehenagotik.

Musika Bizian Estaturik gabeko herrialdeetako musikariei eskainitako jaialdi bakarra da, eta Europatik, Ameriketatik eta Afrikatik etorritako hogeita hamar talde inguruk hartu dute parte. Ekimena 2014an jarri zuen martxan sei hamarkada baino gehiago dituen Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak.