Musika, antzerki eta dantzaz beteko da Elorrio

Musika, antzerki eta dantzaz beteko da Elorrio 'Musikaire' jaialdiaren barruan Petti, Audience, Maria Berasarte eta Ene Kantak arituko dira, besteak beste. Igandean Pirritx, Porrotx eta Marimototsek 'Amaren intxaurrak' ikuskizuna eskainiko dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/musika-antzerki-eta-dantzaz-beteko-da-elorrio/@@download/image/petti-por-Oier-Arantzabal.jpg
2021/07/08

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

'Musikaire' jaialdiaren barruan Petti, Audience, Maria Berasarte eta Ene Kantak arituko dira, besteak beste. Igandean Pirritx, Porrotx eta Marimototsek 'Amaren intxaurrak' ikuskizuna eskainiko dute.
Musika, antzerki eta dantzaz beteko da Elorrio

Elorrion kultura kalera atera nahi izaten dute udan Musikaire jaialdiaren baitan. Jaialdiak, musika, antzerkia eta dantza uztartzen ditu. Antolatzaileen hitzetan, " ezohiko jaialdia da eta bere programa mazedonia moduko bat. Mazedonia honetan oso osagai ezberdinak nahasten dira, erakargarriak eta kalitatezkoak beti". 

Larunbatean eman zioten hasiera jaialdiari Euskadiko Ikasleen Jazz orkestraren zuzenekoarekin, eta abuztuaren 1era arte jatorri eta mota guztietako ikuskizunak izango dira. Bihar, hilak 9, Maestrisimo antzezlana eskainiko du Yllana konpainiak, ikuskizun bizi eta alaia; sokadun instrumentuak jotzen dituen laukote baten istorioa da, XVII. eta XVIII. mendetan girotua. Hurrengo egunean, Freedonia taldearen kontzertua izango da eta Conciencia izeneko laugarren diskoa aurkeztuko dute. Soul eta funk generoak jorratzen ditu taldeak baina beste estilo batzuk ere uztartu dituzte azken diskoan, hala nola rocka eta doinu afrikarrak. Igandean, berriz, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Amaren intxaurrak ikuskizuna eskainiko dute. Marimototsen amaren heriotzaren ingurukoa da; duela hiru urte amaren omenez landatutako zuhaitza fruituak ematen hasiko da. Poza eta tristura ingurukoekin elkarbanatu eta dolua eramangarriago egiteaz dihardu ikuskizunak.

Uztaileko gainerako asteburuak ere ekintzaz beteak izango dira:  Juanma Urriza eta taldearen Hertzainak: Nortasunaren erroak jazz emanaldia; Loreak eta zauriak ikuskizuna, Xabier Leteri egindako omenaldia; Paul San Martinen A French session; The Cuban Jazz Syndicate; Pettiren kontzertua, Manipulazio Estrategiak diskoa aurkezteko; Audience taldearen kontzertua, euren azken lana den Tolesdurak diskoko kantuekin; Maria Berasarteren folk musika emanaldia, Lurra eta bidea laneko abestiekin.

Maria Berasarte artista

Uztaileko azken egunean Boney Fields izango da bizkaitar herrian, blues eta funk doinuekin. Amaitzeko, abuztuaren 1ean, Ene Kantak taldeak Liluragarria, gorputz barrura goaz antzezlana eskainiko du

Emanaldi guztiak Ganondo parkean izango dira eta euria eginez gero, berriz, Arriola Antzokira mugituko dira.  Ostiral eta larunbatetako zuzenekoak 20:00etan izango dira eta igandetakoak 19:00etan.