MUSIKA ALZHEIMERRAREN AURKA

MUSIKA ALZHEIMERRAREN AURKA Efektua txundigarri bezain hunkigarria da. Alzheimerra pairatzen duten pertsonek euren abesti gustukoenak “lehen aldiz” entzuten dituztenean gertatzen denak miraria dirudi. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/musika-alzheimerraren-aurka/@@download/image/alzheimers_final_flat.jpg
2019/05/21

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Efektua txundigarri bezain hunkigarria da. Alzheimerra pairatzen duten pertsonek euren abesti gustukoenak “lehen aldiz” entzuten dituztenean gertatzen denak miraria dirudi.
MUSIKA ALZHEIMERRAREN AURKA

Gaixotasun latz honetan, betidanik ondoan izan dituzten abestiak direla mundura konektatzeko euren aingura, euren lozorro gupidagabetik istant batez esnatuz. Ia hitz egiteko gai ez diren eta euren burua zein den ere ez dakiten pertsonak esnatzen ditu musikak, kantuan eta dantzan egiteraino iritsiz. Minutu batzuez bada ere, dementzia eta Alzheimerra ahazten dituzte euren nortasuna berriz ere besarkatuz. Gaixo hauei, euren garaiko abestiren bat entzutean, modu instintibo eta automatikoan euren iraganeko zati bat pizten zaie. Frogatua gelditu da memoria musikalak beste edozein oroitzapenek baino gehiago irauten duela gugan.

Ohartzen dira badakitela zein den abestia eta horrek bakarrik gauza positibo asko dakartza beraientzat. Melodiak dirauen bitartean oroitzapenen bat izan dezakete, baina batez ere iraganeko emozioren bat esperimentatzen dute abestiarekin lotzen dutena. Hori baitute abestiek, automatikoki zuk bakarrik ezagutzen duzun lekura garraiatzen zaituztela. Literalki, esnatuko balira bezala da. Bat-batean begietara begiratzen dute, hitz egin nahi dute edo nolabait komunikatu. Batzuk, zuzenean altxatu egiten dira eta dantzan hasten dira, txaloka, zoriontsu abesten, normaltasun osoz. Kanpotik begiratuta ez dirudi dementzia dutenik ere.

Musikak ez die nahasmenerako tarterik uzten. Badakite zer egin pentsatu gabe. Haatik, musika bukatukoan ere, une batez gogoratzen dira abestia dantzatzen ibili direla, emozioak irauten du. Gainera, kasu askotan euren mintzaira ere hobetzeraino iristen dira. Oroitzapenak oroitzapen, sortzen den emozio hori euren onurarako erabiltzea da garrantzitsuena.

Musikak ezin du dementziarik sendatu, baina pertsona bere buruarekin gehiago konektatu dezake. Istant horietan garuna berrantolatzen lagundu dezake. Gakoa da gaixoek musikak sortzen dien emozio positibo hori pertsona, leku edo une batekin konektatzea. Adibidez, bazen gizon bat beldurra ziona dutxa hartzeari, oso oldarkor jartzen zen. Egunero, dutxatu baino minutu batzuk lehenago musika jartzen zitzaion. Apurka apurka bere garuna musika jartzearen ohiturara moldatu zen eta dutxatzean emozio positiboak pizten zitzaizkion. Hilabete beranduago ez zuen trabarik jartzen eta bere higiene momentuaz gozatzen zuen.

Miraria dirudi, baina musika beti egon da gure baitan. Hitz egiten ikasi aurretik musika egiten ikasi genuen. Gure izatearen alderdirik oinarrizkoenarekin bat egiten dute melodiek. Garuneko gune ugari aktibatzen ditu momentu berean: oroimena, erritmoa, emozioak... neuronentzat elikagaia da musika.

Edozein instrumentu jotzeak, edota kantatzeak berak, presio arteriala eta bihotz erritmoak gutxitzen ditu. Estresaren hormonak ere jaisten dira eta garuneko gune asko potentziatzen dira. Frogatu da adibidez, musikariek gorputz kailukara handiagoa dutela eta hauxe da garuneko bi hemisferioak batzen dituen zatia, hain zuzen. Azken uneak musikarekin lagunduak izatea baino amaiera politagorik ba al dago? Zure bizitzako soinu banda altxor bat da. Ez ezazu ahaztu.

GOMENDIOA: ALIVE INSIDE
Hau guztia ederki islatzen du Alive Inside (2013, Michael Rossato-Bennett) dokumental triste bezain ederrak, dementziaren tratamenduan musika erabiliz egin diren aurrerapenak erakutsiz. Dan Cohen gizarte langileari jarraitzen dio dokumentalak eta bere bitartez ikusi ahal izango da gaixoengan nola eragiten duten euren iraganeko abestiek, urteetan lo egon diren oroitzapen eta emozioak piztuz.