'Museoaren zaindariak' film errusiarra estreinatuko dute gaur zenbait zinema-aretotan
Zinema Euskaraz programaren barruan, Museoaren zaindariak’ filma estreinatuko da gaur Euskal Herriko zenbait aretotan, Film errusiarra euskaraz bikoiztuta ikusi ahal izango da eta publiko orokorrari zuzendua dago.
Hauxe da filmaren istorioa: "Vincent katu gaztea Maurice izeneko sagutxo batekin elkartu da piano zahar batean, uholde batetik ihes egiteko. Marinel talde batek instrumentua jaso eta museora bidaliko du. Hemen, Vincentek eliteko katuen eskuadroi bat ezagutuko du, urteetan karraskarien eta beste piztien maisulanak babesten aritu dena. Vincentek benetako katu-familia bat aurkitzea du amets, baina ez du bere lagun Maurice galdu nahi, bizitza salbatu baitzion, eta ezkutatzera behartuta dago. Baina bere lagunak badu ahulezia bat: maisulanik ospetsuenak marruskatzea. Munduko pinturarik onenetako bat, La Gioconda, museora eramaten dutenean dena nekezagoa izango da: sagu eta arratoi guztien ametsa murtxikatzea da. Hala ere, ez Vincentek, ez Mauricek, ez Hermitageko katuek ez dakite norbaitek lapurtzeko asmoa duela, eta, orain, Vincentek kemenez eta adimenez jokatu behar du Da Vinciren obra salbatzeko, museoaren ospea babesteko eta Kleopatraren, Egiptoko ganberan bizi den katu eder baten, bihotza irabazteko.
Honako toki hauetan ikusi ahal izango da filma: Bilboko Golem Alhondigan, Getxoko Getxo Zinemetan, Durangoko Zugaza Zineman, Gasteizko Florida Zinemetan, Gasteizko Gorbeia Zinemetan, Errenteariko Niessenen, Donostiako Antiguo Berrin, eta Iruñeko Golem La Morean.
Datozen hilabeteetan, beste film batzuk ere izango dira Zinema Euskaraz programaren barruan: martxoaren 22an, Inseparables eta apirilaren 19an, Dragonkeeper.
