Munich ****

Munich **** https://www.gaztezulo.eus/albisteak/munich/@@download/image/59p54-5.jpg
2006/01/04
kritika
Testua: Iñaki Lazkano
Aktoreak: Zuzendaria: Steven Spielberg. Aktoreak: Eric Bana, Daniel Craig, Geoffrey Rush, Matthieu Kassovitz. Generoa: thriller / drama. Herrialdea: AEB. Urtea: 2005. Iraupena: 164 minutu.
59.zenbakia
1972ko Municheko Olinpiar Jokoetan Irail Beltza talde armatu palestinarrak hamaika atleta israeldar bahitu zituen. Haietako bi hil zituen, eta beste bederatziak askatzearen truke Israelgo kartzeletan espetxeraturik zeuden 200 preso palestinarren askatasuna exijitu zuen. Horrezaz gain, bahitzaileek ere hegazkin bat eskatu zuten ihes egiteko. Municheko aireportuan ekintzaile palestinarren eta polizia alemaniarraren arteko tiroketan, atleta israeldar guztiak eta ekintzaile palestinar gehienak hil ziren. Amorraturik, Israelgo lehen ministro Golda Meirrek palestinarren aurkako mendekua prestatu zuen. Eta, hala, Mossad Israelgo zerbitzu sekretuari atentatu hartako buruak aurkitu eta akabatzeko agindua eman zion. Steven Spielbergek afera arantzatsu horri heltzen dio, hain justu, Munich interesgarrian. Mossad erakundeko agentea da Avner gaztea. Israelgo gobernuak ekintzaile talde bat osatu, eta Municheko atentatuaren erantzuleak exekutatzeko agindua eman dio. Aberriarengatik edozer emateko prest da Avner, eta hasieran, egoki jokatzen ari dela uste du. Baina, pixkanaka-pixkanaka, misio odoltsu horren eraginkortasunaz eta etikotasunaz dudatzen hasiko da. Antza, ez juduek ezta palestinarrek ere ez zuten Spielbergen pelikula gustuko izan. Hutsuneak hutsune, thriller politiko interesgarria da, baina. Tentazio sionista oro saihestuz, gizatasun handiz erretratatzen baitu gatazka Spielbergek; on eta gaiztoen diskurtsoa gaindituz. Era berean, leun bada ere, Israelek palestinarren aurka darabilen politika salatzen du; gatazka konpontzeko elkarrizketa dela bide bakarra iradokiz. Merezi du, benetan.