Munduko prentsa-argazki onenak Gasteizen
Gasteizko Montehermoso kulturuneak World Press Photo erakusketa paratu du beste behin. 2021ean prentsa-argazkilaritzako munduko lehiaketarik garrantzitsuena irabazi duten 159 irudi daude ikusgai bertan. 28 herrialdetako 45 argazkilarik, horietatik 11 emakumeak, egindako argazkiak dira, hainbat errealitate eta une islatzen dituztenak. Aitor Garmendia euskaldunaren lanik ere bada erakusketan.
Edizio honetan ere "istorio ezezagun eta harrigarriak" kontatzen dira argazkien bidez: glaziarrak eraikitzen dituzten pertsonak, espetxeetako semen-kontrabandoa, Lurreko errepublika hotzenetako bateko zinema-ekoizpena, Poloniako haur artifizialak...
Pandemia ere ageri da zazpi argazkitan, tartean aurten garaipena lortu duenean. Mads Nissen danimarkarraren Lehen besarkada izeneko irudia izan da edizio honetako argazki irabazlea. Brasilgo Sao Pauloko zahar-etxe batean egin zuen, 2020ko abuztuan, eta 85 urteko emakume batek eta erizain batek plastikozko gortina batekin elkarri emandako besarkada erakusten du, bost hilabetean elkar besarkatu zuten aurreneko aldikoa, hain zuzen ere.
Lehiaketaren aurtengo edizioan 74.470 argazki aurkeztu dira guztira, 130 herrialdetako 4.315 argazkilarirenak.
Erakusketa azaroaren 14ra egongo da zabalik, astelehenetik igandera, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara. Bisita gidatuak ere eskaintzen dituzte.