Munduko narrastien %21 desagertzeko arriskuan daude

Munduko narrastien %21 desagertzeko arriskuan daude Euren habitataren suntsiketa, ehiza, espezie inbaditzaileak eta klima-aldaketak dira narrastiek pairatzen dituzten mehatxuak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/munduko-narrastien-21-desagertzeko-arriskuan-daude/@@download/image/TKN5ZEAXOZGWTBARW4EAUP5JYU.jpeg
2022/05/06

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Euren habitataren suntsiketa, ehiza, espezie inbaditzaileak eta klima-aldaketak dira narrastiek pairatzen dituzten mehatxuak.
Munduko narrastien %21 desagertzeko arriskuan daude

Mundu osoko bost espezietatik bat desagertzeko mehatxupean dago, Nature aldizkarian argitaratu berri den ikerketa baten arabera. Espezie horien artean dago Asia hegoaldeko kobra erreala deituriko espezie ikonikoa.

Duki Unibertsitateko Stuart Pimm ekologoak ikerketan parte hartu du eta hauxe adierazi du: "Lan hau lorpen esanguratsua da eta desagertzeko arriskuan dauden espezieen ezagutza zabaltzen du. Orain, hauek babesteko lanean hasi beharra dugu". Antzeko azterketak burutu dira aurretik ugaztun, hegazti eta anfibioekin, eta ingurumenari buruzko gobernu erabakietan eragina izan du.

Narrastien inguruko ikerketa honetan mundu osoko 1.000 zientzialarik parte hartu dute eta 2005. urtean ekin zioten lanari. Diru faltagatik luzatzen joan da proiektua, baina azkenik osatzea lortu da. "Espezieak babesterako garaian normalean ornodun iletsu edo lumadunetara bideratzen da arreta", aipatu dute ikertzaileek. Eurek diotenez narrastiengan ez dago horrenbesteko interesik, nahiz eta ekosistemarako ezinbesteko bizidunak izan hauek ere. 

Galapago Uharteetako itsas iguana, itsas bizitzara egokitutako musker bakarra, desagertzeko arriskuan dauden espezieen zerrendara gehitu da. Musker honek 5 milioi urte behar izan zituen itsasoan elikagaiak bilatzera egokitu ahal izateko. Ikerketa honetako adituek adierazi dute honelako eboluzio istorioak galtzeko arriskuan egon litezkeela. Dortokei dagokionez, munduko dortoka espezietatik sei desagertzeko arriskuan daude. Zazpigarrena ere larri dabil, baina zientzialariek ez dute nahiko daturik sailkapen bat osatu ahal izateko. 

Mundu mailan, narrastien mehatxurik handiena euren habitataren suntsiketa da. Ehiza, espezie inbaditzaileak eta klima aldaketa dira horren errudunak.