Munduko haragi kontsumoa, beheruntz

Munduko haragi kontsumoa, beheruntz Azken datuek diotenez, geroz eta haragi gutxiago kontsumitzen hasi gara. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/munduko-haragi-kontsumoa-beheruntz/@@download/image/holstein-cows.jpg
2020/08/19
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Azken datuek diotenez, geroz eta haragi gutxiago kontsumitzen hasi gara.
Munduko haragi kontsumoa, beheruntz

Orain arte, herrialdeen garapen ekonomikoak lotura zuzena zuen haragi kontsumoarekin, eta herrialde garatuenek kontsumitzen zuten haragi gehien. Baina azken datuen arabera, joera hau aldatu egin da, eta haragi gutxiago kontsumitzen hasi gara, industria honen garapena seko geldituz.

Bloomberg hedabideak eskainitako datuen arabera, iazko datuekin alderatuta, aurten %3 jaitsiko da munduko haragi kontsumoa. Halako jaitsiera ez da ezagutu "behi eroen" krisitik. Adituek diote koronabirusak eragin nabarmena izan duela jaitsieran, baina aurreko urtetan nabaritutako joera indartu besterik ez dela egin.

Badirudi beraz haragi kontsumoa murrizteko joera zabaldua hasi dela industriaren merkatuan eragina izaten; hain zuzen, ekoizpena nabarmen jaitsi da azken urteetan, batez ere behi haragiari dagokionez. Atzera begiratzen badugu, 1961an munduan ekoizten zen haragi guztiaren %39 behiena zen, %35 zerriena eta %11 oilaskoena. Aldiz, gaur egun behiena %20 da, zerriena %35 eta oilaskoena %34. Arrazoia? Osasuna zaintzeko joera geroz eta zabalduagoak, haragi gorrien kontsumoa murriztu du nabarmen.

Etorkizuna ez da ona haragiaren industriarentzat; ingurugiroa zaintzeko kezkak eta obesitatearen aurkako borrokak haragi kontsumoa murrizten jarraituko dute; horrekin batera, haragi faltsua merkatuan sartzeko prest dago.