Munduko 21 hiritako euskal etxe eta unibertsitateetan Korrikarekin lotutako ekimenak egiten ari dira
Gaur abiatuko da 22. Korrika Amurriotik eta 2.500 kilometro inguru egingo ditu Euskal Herri osoan barrena, apirilaren 10ean Donostiara iritsi arte. Euskal Herritik kanpo ere badabil, ordea, Korrika. Etxepare Euskal Institutuaren lankidetzarekin, 21 hiritan egin da edo egingo da euskararen aldeko lasterketa erraldoiarekin lotutako ekimenen bat.
Europakoen artean hauek parte hartu dute: Helsinki (Finlandia), Leipzig (Alemania), Valentzia (Espainiako Estatua), Berlin (Alemania), Poznan (Polonia), Cork (Irlanda), Mallorca (Espainiako Estatua), Valladolid (Espainiako Estatua), Bartzelona (Espainiako Estatua), Varsovia (Polonia), Londres (Erresuma Batua), eta Paris (Frantzia). Amerikan honako hauek izan dira hiriak: New York (AEB), Quebec (Kanada), La Plata (Argentina), Boise (AEB), Chicago (AEB), Mexiko Hiria (Mexiko), eta Medellin (Kolonbia). Asia eta Ozeanian, berriz, Sidney-n (Australia) eta Tokio-n (Japonia) izan dira ekimenak.
Munduan zehar dauden euskal etxeek hamalau Korrika antolatu dituzte. Institutuaren unibertsitate sarearen baitan, berriz, hamabi Korrika antolatu dira. Jarduera guztien zerrenda hemen kontsulta daiteke.
Bideo lehiaketak baditu irabazleak
Etxepare Euskal Institutuak AEKrekin batera antolatutako 22.Korrika Munduan bideo lehiaketa mundu osoan zehar dituen irakurletzetako ikasleei eta Euskal Etxeetako euskara ikasle eta komunitateari zuzenduta dago. Munduko euskara ikasleek Korrikari babesa emateko bideo lehiaketa da, eta azken asteotan AEKren Youtubeko kanalean egon dira ikusgai unibertsitate eta euskal etxeetako kideek egindako lanak.
Julio Jiménez eta Lena Białkowska izan dira garaile, Gure Txoko Centro Vasco Valladolid eta Adam Mickiewicz University Poznan-ekoak, hurrenez hurren. Euren bideoak izan dira kategoria bakoitzean 'Atsegin dut’ gehien jasotakoak.
12 parte hartzaile izan dira aurtengoan, Europa, Asia eta Ameriketako unibertsitate eta Euskal Etxeetakoak. Irabazleek AEK-k antolatutako online barnetegi pertsonalizatu bana jasoko dute, bi pertsonarentzat.

