Mundua buruz behera

Mundua buruz behera https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mundua-buruz-behera/@@download/image/37p31-1_1368524632.jpg
2004/01/02
erreportajea
Malabaristak, pailazoak, orekariak, akrobatak…prest dira. Ireki ondo begiak, eta adi. Ikuskizuna hastear da eta. Mundua hankaz gora jarriko duen ikuskizuna. Zirkua.

Txikia da gure herria, baina koloretsua: aktoreak, dantzariak, bertsolariak… ditugu. Eta zergatik ez, orekariak, akrobatak, trapezistak… Zirku artistak edo artistagaiak gutxi dira oraindik Euskal Herrian, duela gutxira arte ez baitzegoen zirkuko teknikak ikasteko eskolarik. Dena dela, gaur egun, hiru zirku eskola txiki ditugu gurean: Baionan, Iruñean eta Donostian. Baionako Oreka taldeak, Iruñeko Oreka elkarteak eta "Sebastopoleko Titiriteroak" taldeak zuzendutakoak, hurrenez hurren.

Horrez gain, zirkua bultzatzea helburu duten zenbait artista talde ari dira lanean. Esaterako, Koblakari Bilbon, Txilipurdi Gasteizen eta Jaxenolaf Irun eta Hondarribia aldean. Tailerrak emateaz gain, jardunaldiak antolatu ohi dituzte talde hauek. Abenduan, adibidez, akrobazia topaketak egin zituzten Bilboko Kukutza gaztetxean. "Ekimen arrakastatsua izan zen, zenbait herrialdetako 450  bat lagunek parte hartu baitzuten bertan", esan digu Xabi Larrea Koblakari taldeko kideak.

Gehienak gazteak

Esan bezala, hiru zirku eskola ditugu gurean. Eta zer ikas daiteke eskola hauetan? "Mimoa, malabarrak, akrobaziak, klown-a eta oreka jorratzen ditugu hemen. Orekari dagokionez, monozikloa, pilota eta kablea… dira gehien erabiltzen ditugun tresnak", dio Elixabete Roson Iruñeko Orekako kideak. Baionako Orekan teknika berak irakasten dituzte. Baita Sebastopoleko Titiriteroen eskolan ere, baina azken honetan, soka baten gainean oreka mantentzen eta ohe elastikoetan saltoak ematen ere irakasten dute. Hori bai, antzeko beste teknika batzuk ikasteko —oihalak, trapezioa, aroak…— kanpora jo beharra dago derrigorrez.

Aipatutako zirku eskolek ikastaro trinkoak eta tailerrak eman ohi dituzte. "Arazo batekin topo egin genuen honetan hasi ginenean; hemen ez zegoen zirkua non ikasi. Gaur egun, ordea, hainbat teknika landu daitezke, eta belaunaldi berriengan irrika piztuz gero...", esan digu Elixabete Rosonek. Eta ez dirudi belaunaldi berriei ikasteko gogoa falta zaienik: "Lau urtetik hasi eta 55 urte bitarteko ikasleak ditugu. Hala ere, gehienak haurrak eta gaztetxoak dira. 7 eta 14 urte bitartean hastea da onena", dio Ipotx-ek, Baionako Oreka taldeko kideak.

Karparik gabeko artistak

Dena den, zirku eskola hauetako kideak eta ikasleak ez dira kolorez betetako karpa erraldoian aritzen, ez baitute karparik. Eta karparik ezean, ibiltariak dira; maleta beti prest dute batetik bestera ibiltzeko. "Gezurra dirudien arren, erakundeek ez gaituzte batere laguntzen. Beraz, egoitza da gure arazo nagusia. Guk orain lokal finko bat dugu Donostian, baina dirulaguntzarik gabe zaila da aurrera egitea", adierazi digu Antxon Etxeberria Donostiako eskolako arduradunak. Iruñeko eskola bi tokitan aritzen da: Errotxapeako kultur gunean eta Txantreako Eunate institutoan. Baionako Orekako kideek, azkenik, Baionako eta Hendaiako eskola banatan dituzte lokalak.

"Arte eszenikoen ahate itsusia gara. Gurea gaizki ikusitako lanbidea da, garbitzaileena bezala", dio Xabi Larrea bilbotarrak. Hala eta guztiz ere, gogotsu ekiten dio lanari eskola hauetako irakasle eta ikasle trupe-ak. Izan ere, zirkuaren maitale sutsuak dira, animaliarik gabeko zirkuaren maitaleak. Eta zirkua afizio eta ofizio izan nahi dute, Euskal Herriko hainbatek garai batean egin bezala. Ez ditzagun ahaztu euskal herritar batzuek karpapean lan egin zutela: esaterako, Manuel Elezkano gimnasta (1886-1959) eta Carrey Brown zirkuan aritutako Carmelo Larrea musikaria (1908-1980), bilbotarrak biak.

Miader Yabar: "Gauza berriak egin nahi ditut"



Maider Yabar donostiarrak 26 urte ditu eta antzerkilaria da, besteak beste,Tanttaka eta Baiven taldeetan ibilitakoa. Urtebetez Brasilen zirkuko zenbait aire teknika (trapezioa, uztaia, ohialak...) ikasi ondoren, Kubara joan da trapezio mugikorra ikastera.

Zergatik joan zinen Brasilera?
Herrialdea ezagutzeaz gain, aire teknikak ikasi nahi nituen Rio de Janeiroko eskola profesional batean. Hemen ez baitago horretarako aukerarik. Aho zabalik geratu nintzen han dagoen mugimenduarekin. Zirkuak eta antzerkiak indar handia dute. Pentsa; eskola dohainik zen.

Nolako prestakuntza fisikoa behar da aire ariketak egiteko? Ondo moldatu al zinen Brasilen?
Hasieran oso gogorra izan zen; fisikoki ez nengoen ondo prestatuta. Horrez gain, irakasleak oso gogorrak ziren. Esaterako, uniformea erabilitzen genuen, berandu heltzen zena ez zen klasera sartzen eta beroketa erdi militarra zen. Hala eta guztiz ere, nire asmoa ikastea zen.

Orain Kuban zaude.
Euskal Herrian bolada batez egon nintzen, baina zirkuarekin jarraitu nahi nuen. Munduko eskola guztietako informazioa irakurri ondoren, Kubara joatea erabaki nuen. Beka bat eman zidaten eta hementxe nago, gustura, eta gehiago ikasten. Beka bederatzi hilabeterako da. Trapezio mugikorra eta uztai edo lira ikasten ari naiz.

Zer egiteko asmoa duzu itzuli ondoren?
Antzerkitik eta zirkutik gauzak hartzen ari naiz, etorkizunean biak uztartzeko. Gauza berriak egin nahi ditut. Nik, gainera, batetik bestera ibiltzea gustuko dut.