MUNDU BERRI BAT

MUNDU BERRI BAT COVID-19 edo koronabirusa hitza gizartean agertu aurretik albistegietan eta sare sozialetan mota askotako gaiak zebiltzan bolo-bolo, dela Klima Aldaketa, Greta Thunberg, Brexit, Notre Dame, Amazonia, Venezuela, Joker... baina urtea hasi zenetik mundua erabat gelditu da, eta etxe barruan zein kanpoan gai bakarra dugu etengabe bueltaka: pandemia. Orain arte ezagutu dugun errealitateari agur esateko garaia iritsi zaigu, aro berri bat jaio baita; nolakoa izango den, ikusteke dago oraindik. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mundu-berri-bat/@@download/image/COVID_03.jpg
2020/05/27

Testua: Ane Urrutikoetxea @aneurruti


Ilustrazioak: Carlos Arrojo

COVID-19 edo koronabirusa hitza gizartean agertu aurretik albistegietan eta sare sozialetan mota askotako gaiak zebiltzan bolo-bolo, dela Klima Aldaketa, Greta Thunberg, Brexit, Notre Dame, Amazonia, Venezuela, Joker... baina urtea hasi zenetik mundua erabat gelditu da, eta etxe barruan zein kanpoan gai bakarra dugu etengabe bueltaka: pandemia. Orain arte ezagutu dugun errealitateari agur esateko garaia iritsi zaigu, aro berri bat jaio baita; nolakoa izango den, ikusteke dago oraindik.
MUNDU BERRI BAT

Erreportaje hau etxeko sukaldean eserita idatzi dut, zapatiletan. Inguruan fruta otarra, ogiaren saskia eta kafe katilua ditut lankideen ordez. Irratia piztuta daukat ia egun guztian zehar, txandakatzen doazen esatariek etengabe gai bakarra lantzen duten bitartean: koronabirusa, pandemia, itxialdia. Sentsazio arraroak bizi ditut egunotan; loaldi batetik esnatu berri banintz bezala, munduaren Abiadura Handiko Trena guztiz gelditu da, eta bidaiariok erdi zorabiatuta jaitsi gara nasan.

Zorabiotik errekuperatzeko astirik gabe, bat-batean etxeko paretetara mugatu da errealitatea. Balkoia ala lorategia dutenak dira pribilegiatu berriak; komuneko papera, alkohola, txokolatea, legamia eta irina, merkatuko produktu preziatuenak bihurtu dira. Pixkanaka, telebistako iragarkiak, albistegiak, sare sozialetatik iristen zaizkigun mezuak mundu berrira egokitzen joan dira: gelditu etxean, zaindu, 20:00etan osasun langileak txalotu. Hasi da ordena berria, eta ziurtzat jo genituen eskubide eta askatasunak alarma estatuaren haize boladak eraman ditu.

Noski, itxialdia aldi baterako da, baina honezkero denok onartu dugu normaltasunera buelta luzea eta neketsua izango dela, inoiz gertatzen bada. Dena den, ez da erraza etorkizunak ekarriko digun mundu berria nolakoa izango den asmatzea. Urtarrilean koronabirusaren lehen zurrumurruak entzuten hasi ginenean ere, inork ez zukeen pentsatuko etxean sartuta eta kalera irteteko beldurrez amaituko genuenik edota korrika egitea, paseatzea ala soilik beheko tabernako terrazan zurito bat hartzea debekatutako luxuak izango zirenik.

Normaltasuna berreskuratzearekin amesten dugun bitartean, irribarreak bahitu dituzte. Maskarak eramatera ohitu beharko gara, eta horrekin batera, besarkadak, musuak, bostekoak ekiditera; ez da erraza izango. Osasunaren izenean galduko ditugu bizitzaren gatza eta piperra; jatetxeak, bidaiak, kontzertuak, zinema aretoak, musika jaialdiak, antzerkia, dantza, pintxo-poteoa... Amari azkenekoz musu bat eman zenion eguna oroitzen al duzu?

AMESGAIZTOAREN ERDIAN ESNATUZ
Koarentenaren lehen egunean egin nuen azken gauza lagun baten ezkontzan abestea izan zen. Egun ederra suertatu zitzaien, baina ez zen haien ametsetako ezkontza izan; gonbidatuen erdiak ezin izan zuten ospakizunera joan eta udaletxean soilik bikotea eta gurasoak sartu ziren. Gogoan dut udaletxetik etxera bueltako bidean urduritasun puntu bat nabari genuela denok; elkarri bi musu ez ematea oraindik arrotza zitzaigun, eta etxean sartzea halako larunbat eguzkitsuarekin ekintza zeharo antinaturala izan zen. Ospatzera iritsi zen azken ezkontzetako bat izan zen. Ordutik ia bi hilabete igaro dira, eta egunak pilatzen hasi zaizkigu apaletako hautsa ez bezala; garbiketekin obsesionatu gara, eta Youtubeko kirol bideoekin, galleten errezetekin edota urtetan irakurtzeko gai izan ez garen nobelarekin. Denbora gelditu egin da eta ez dakigu zer egin harekin; eta bitartean, kaleetan isiltasuna soilik txorien kantu alaiek eteten dute, udaberriaren aztoramenarekin alai.


EKONOMIA URTU ZENEKOA
Hauek guztiak itxialdiak ekarritako hausnarketak dira, baina bitartean mundu berri hau nolakoa izango den sumatzeko gai ote gara? Bada globalizazioaren eta kapitalismo liberalaren azkena dela dioenik; John Gray filosofo eta politikari britainiarraren arabera, inflexio puntu historikoa bizitzen ari gara.

Ez da historia aipatzen duen bakarra; denok dugu ahaztezina izango den gertaera baten aurrean gauden sentsazioa. Beldurra eta aldi berean zirrara eragiten duen sentsazioa eragiten du horrek; nola berreskuratuko dugu normaltasuna mundua betirako aldatu bada?
Aldaketetako batzuk sumatzen hasiak gara dagoeneko; ikasi dugu osasun krisi honek ez duela mugarik, eta herrialde guztietan berdin hiltzen dituela boteretsuak edota txiroak (nahiz eta osasun baliabiderik ez dutenen artean heriotza tasa altuagoa den, AEBetan batez ere afroamerikarrekin gertatu den moduan; noizko kalitatezko osasun publiko unibertsala?). Ikasi dugu ere mundua ziztu bizian zeraman sistema ekonomikoa oso ahula dela eta egun batetik bestera sendoa zirudien munstro erraldoia udaberriko elurra baino azkarrago urtu dela. Etxean konfinaturik, kontsumo masibo eta neurri gabekoaren absurdoaz ohartu gara, urtetan ezertarako astirik ez genuen bitartean behar ez genituen zenbat gauza erosi ditugun harriturik. Masiboki bidaiatzeak, dena azkar batean kontsumitzeak eta planeta axolagabe suntsitzeak ondorioak badituela ikasi dugu. Etorkizuna inoiz baino birtualagoa izango dela; gure datuak, informazioa, mugimenduak zelatatuko dituztela eta abar luze bat.

Eta horren guztiaren aurrean, gertuko ekonomia zaindu eta hurbilekoa kontsumitzera bueltatuko ote gara? Badirudi hala izan beharko duela, baina horretarako, ekonomia eredua errotik aldatu beharko da. Ekonomia ondoratu duenak ez da kontsumoaren etena izan, kontsumo masibo eta absurdoa mantsotzea baizik. Eta beldurra, beldurra da, duda izpirik gabe, pandemia hau indartsu bilakatu duena.


MUNSTRO IKUSEZINA
“Ez dut gaixotzeko beldurrik. Zeren beldur naiz, ba?” Pandemiak alda dezakeen guztiaren beldur. Beldur naiz ez ote naizen ohartuko ezagutzen dudan zibilizazioaren zutabeak karta-gaztelu bat bezain ahulak direla. Beldur naiz dena eroriko dela, baina kontrako beldurra ere badut: inolako aldaketarik utzi gabe pasa litekeela izua”. Paolo Giordano idazle italiarrak koarentenan idatzitako Kutsaldian liburuko pasarte honekin denok identifikatuko zarete ziur. Azken finean, mikroskopikoa den izaki ikusezin batek posible egin du aldaezina zirudien mundua goitik bera astintzea, oinarriak apurtzeraino. Eta ez da koronabirusa bakarrik; ikusi ez baina biziki sentitu dezakegun izaki ikusezin hori beldurra da.

Mundua kontrolpean genuen ilusioarekin jaio eta bizi izan gara orain arte; ados, Klima Aldaketaren mehatxua hor izan dugu, baina fenomeno horri buelta ematea ere gure esku zegoela sentitu dugu beti. Gaixotasunak sendatzeko gaitasuna genuela uste genuen, mehatxu guztiak kontrolpean genituela... baina ez ginen Amazonas edota Australiako suteak aurreikusi eta gelditzeko gai izan, eta ez oraindik ere ez dakigu zerk eragin duen zehazki mundu osoa irentsi duen pandemia hau.
Hain zuzen, teoria batzuek diote ingurumenaren txikizioak eragindako beste iheslarietako bat dela COVID-19; beren habitata galdu duten animali eta landareen antzera, bakterio, onddo eta protozooak aberri berrien bila dabiltza, eta nor hobe planeta puntatik puntara konkistatu duten izakiak baino?

Wuhango merkatuan saltzen den animali exotikoen haragiari bota diogu errua, eta ondorioz bertako herritarrei; baina ba al dakizu zergatik jaten duten bertan saguzarra ala pangolina? Ez da ohitura kontua soilik; munduan milioika lagunek dute janari premia, eta berez jango ez lituzketen animaliekin elikatzera beharturik daude errekurtso faltagatik. Datuek diotenez, Txina ez da saguzarrak elikaduran txertatu dituen bakarra; Afrika mendebaldean ere dezente kontsumitzen dute beste piztia batzuekin batera, hori delako haragia jateko duten aukera bakarretakoa. Behar horrek COVID-19-a baino hilgarriagoa den beste gaixotasunak zabaldu ditu, Ebola kasu.

Giordanok bere liburuan hausnartzen duenez, guztiok etxean gordetzera eraman gaituen gaixotasun honen afera maizago gertatuko da; bere hitzetan, kutsaldia sintoma bat da; infekzioa ordea, gure ekosisteman dago.

Eta orduan, gizakiok ezin dugu ezer egin? Alderantziz; orain litzateke behingoz zerbait egiteko une egokiena. Naturak zaplateko galanta eman digu, eta bere hatzen marka masailean gorri dugun bitartean, erru guztia besteena dela oihukatzeari utzi eta honi guztiari zentzu bat bilatzen hasi behar dugu denbora galdu gabe. Denbora, hori da egoera honek eskaini digun opari preziatuena; denbora hobeto erabiltzen ikasi behar dugu, egoera honetara ekarri gaituen guztiaren inguruan hausnartuz eta bestelako errealitate bat eraikitzeko erabiliz. Mundu berri bat.