Mugimenduen artea

Mugimenduen artea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mugimenduen-artea/@@download/image/dantza_zirkuito_1373019339.jpg
2013/07/08
erreportajea
Testua: Maialen Goñi, Argazkiak: Gorka Bravo
Mugimenduen artea
Dantza Garaikidearen IX. Zirkuitoa sekula baino indartsuago dator: 63 ikuskizun, 21 aretotan, 12 hilabetez.


Bi helburu nagusirekin sortu zuten Dantza Zirkuitoa orain bederatzi urte: batetik, sektoreko profesional nahiz zaleen kezkari erantzunez, formatu ertain eta txikiko produkzioak aurkezteko espazio egonkorren sarea osatzeko; eta bestetik, gisa horretako ikuskizunetara ikusleak erakartzeko aretoek egiten duten esfortzua agerian jarri eta hauei laguntzeko. Izan ere, antzokien programazioaren %83 antzerkiak betetzen du, eta dantza emanaldiak %7ra baino ez dira heltzen.

Dozena erdi ikuskizun aurkeztu zituzten lehen edizio hartatik, zirkuitua nabarmen hazi da, eta aurtengoan 63 lan erakutsiko dituzte. Euskal produkzioek beren burua aurkeztu besterik ez dute egin behar egitarauan sartzeko, eta haiekin batera nazioarteko hainbat konpainia aritu ohi dira, aurtengoan, hamarretik gora. Programazioa urte osora luzatu dute, eta bederatzigarren edizio honetan, gainera, beste bost herritara zabaldu dituzte emanaldiak: Dulantzi, Galdakao, Sopela, Azpeitia eta Hondarribira. Hala, Gasteiz, Zornotza, Barakaldo, Basauri, Durango, Elorrio, Gernika, Leioa, Andoain, Arrasate, Donostia, Eibar, Irun, Lasarte, Tolosa eta Errenteriarekin bat egingo dute.

Egitasmoa aurrera ateratzeko, asko dira beren hondar alea jartzen duten erakunde publikoak, hala nola, Antzoki Publikoen Sarea; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila; Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta aipaturiko herri nahiz hirietako Udalak. Zirkuitua sendotu eta egonkortu nahi dute eta, era berean, profesional eta konpainia berriei bultzada eman. Sortzaile, programatzaile eta ikusleen arteko komunikazioa indartzea funtsezkoa da horretarako, aldaera anitzeko diziplina ikusgarri honi merezi duen lekua egiteko.

Hainbat proposamen


Ertza: ‘NAN’
NANean ageri diren bi kontzeptuak, nortasuna eta naziotasuna, uztartzen ditu obrak bideo, dantza, antzerki eta errezitaldien bidez. "Gutako bakoitzak desberdina izateko eskubidea duelako".

Buruz Behera: ‘Takoiak airean’
Ostegunero bezala, Klaudia parkera doa bere irudimenak sorturiko itsu-itsuko hitzordura, eta ustekabean topatuko dituen trapezio eta aireko oihalek bere zentzumenak esnaraziko dituzte.

Anakrusa: ‘Tempus, -I’
Musika, dantza eta antzerkiaren lengoaiak bateratzen dituen ikuskizuna, idazle batek bere sorkuntzan dituen gorabeheren istorioa oinarri duena. Bidaia emozionala.

Traversee: ‘Auzokoak’
Battit eta Luzia auzokide arruntak dira, eta auzokide arruntak diren aldetik, bien arteko harremana pixkanaka higatzen ari da. Baina ustekabeko gertakari batek elkar laguntzera behartuko ditu…

Kukai: ‘Out-In’
Hiru koreograforen laguntzaz osaturiko obrak estilo, erregistro eta lengoaia sorta anitza biltzen ditu askotariko kolorez zipriztindutako ikuskizunean.

Argia: ‘Aunitz Urtez’
Nafarroako Baztan ibarreko gazteek, dantzan hasi aurretik eta korroan jarrita daudela, "Aunitz urtez!" errepikatzen dute behin eta berriz. Esaera honek jendarte tradizionaletik kanpo bizitzeko nahia adierazten du.