Mugikorreko adikzioa sendatzeko 6 app

Mugikorreko adikzioa sendatzeko 6 app Badakigu ezin duzula mugikorra gabe bizi, baina erabilera kontrolatzeko garaiz zaude; ezagutzen dituzu aplikazio hauek? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mugikorreko-adikzioa-sendatzeko-6-app/@@download/image/cell-phone-addiction.jpg.imgo.jpg
2018/03/15
berria
Badakigu ezin duzula mugikorra gabe bizi, baina erabilera kontrolatzeko garaiz zaude; ezagutzen dituzu aplikazio hauek?
Mugikorreko adikzioa sendatzeko 6 app

Onartu ezazu behingoz; mugikorrari itsatsita bizi zara. Eta ez zara bakarra; sare sozialek, Internetek eta egiten dugun guztia neurtzen duten aplikazioek denbora xurgatzen digute. Baina lasai, garaiz zaude bizioa kontrolatzeko; paradoxikoa irudituko zaizun arren, sei app hauek zure mendekotasuna neurtzen lagunduko dizute.

 

FOREST

App honek zure denbora administratzen lagunduko dizu. Berari esker, mugikorra zenbat aldiz, eta garrantzitsuena, zertarako erabiltzen duzun neurtuko duzu. Helburua? Erabilera modu kontzientean egitea. Eta nola lortzen du? Modu original batekin: landare bat erakusten digu, eta zenbat eta gutxiago ukitu, orduan eta gehiago haziko da. Aldiz, mugikorra etengabe pizten badugu, landare zimeltzen hasiko da.

 

FACEUP

"Bizitza, zure smartphonera begira zauden bitartean igarotzen dena da". Hori da app honen leloa. Esanguratsua, ezta? Aplikazioak test bat proposatzen dizu, mugikorrera begira zauden bitartean galtzen ari zarenaz kontziente izan gaitezen. Ezin diozu tranparik egin, app-ak ezin hobeto dakielako zure mugikorreko aplikazio bakoitzari zenbat denbora eskaintzen diozun. Hala, adikzioa gainditzeko hainbat erronka proposatzen ditu mugikorrak, besteak beste, phone stack izenekoa: bazkari edo afarietan mugikor guztiak kaxa batean gordetzean datza jokoa, eta mugikorra erabiltzen lehenak janaria ordaindu behar du.

 

 

SPACE

Izenak iradokitzen duen moduan, espazioarekin lotutako erronka proposatzen du app honek. Forest aplikazioaren antzera, Spacek saritu egingo zaitu mugikorra ez erabiltzeagatik. Hala, planetak biltzen joango zara, galaxia osatu arte.

 

ANTISOCIAL PARENTAL CONTROL

App honek beldur pixka bat emango dizu Black Mirror telesaileko azken denboraldia ikusi baduzu. Izenak dioen moduan, gurasoentzat diseinatutako aplikazioa da; seme-alaben mugikorrean instalatu daitezkeen app-ak kontrolatzeko aukera ematen du, lista beltzak eginez, eta horrekin batera, mugikorra erabiltzeko ordutegiak zehazten ditu. Gainera, abisua ematen du norbait app-a kentzen edo ezarritako filtroak ezabatzen saiatzen bada.

 

 

MOMENT

Telefonoa uzteko gonbita luzatzen dizu zuzenean. Mugikorreko abisuak eliminatzen ditu, eta eguneko erabilera mugatzeko aukera eskaintzen du.

QUALITY TIME

Dieta bat izango balitz bezala, mugikorrarekiko duzun menpekotasuna neurtuko du app honek. Hala, egunero balantzea egingo dizu, dieta betetzen ari zaren edo ez ikusi dezazun. Terapian aurrera joateko prest?