Mugikorrek zelatatzen gaituzte, baina nola?

Mugikorrek zelatatzen gaituzte, baina nola? Zer egiten dute jasotako informazioarekin? Nork kudeatzen du? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mugikorrek-zelatatzen-gaituzte-baina-nola/@@download/image/smartphone-listens-670x335.jpg
2019/10/23
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Zer egiten dute jasotako informazioarekin? Nork kudeatzen du?
Mugikorrek zelatatzen gaituzte, baina nola?

Euria hasi du, eta zu aterkirik gabe! Beharbada aterki bat erosteko unea iritsi zaizula pentsatu duzu; bidean mugikorra hartu eta Instagramen sartu zara, kuxkuxean tarte batez aritzeko asmoz. Hara! Aterkien iragarki bat. Nola da posible? Azkenaldian mugikorrak zure pentsaera eta desioei aurrea hartzen dien sentsazioa baduzu, lasai, ez zara zortatu. 

Ziur aski une honetan esku hartean edo alboan pega-pega egin da duzun gailu elektroniko horrek eguneko 24 orduetan zelatatzen zaitu, eta bai, zure elkarrizketa guztiak entzuten ditu. Orwelen istorioetako batean sartuta gaudela iruditu zaizu, eta halaxe da; konturatu gabe, gure bizimoduan ezinbesteko bihurtu den gailu txiki horri esker grabagailu eta kamerak jarri dizkiegu geure buruei. 

Oraindik ez gara erabat kontziente mugikorrek gutaz jasotzen dituzten datuen inguruan; ez dakigu zehazki zer den gordetzen dutena, nori saltzen dizkieten eta zertarako erabiltzen dituzten. Baina pixkanaka hasi gara datu elkartrukaketa horien lehen ondorioak bizitzen; hala, sare sozialetan edota Interneten ikusten dugun publizitatea erabat pertsonalizatua da. Baina espiotzia lan erraldoia ez da soilik publizitate zuzenera mugatzen.

Lehen aipatu dugun moduan, gure pentsamendu eta desioei aurre egiteko gai da teknologia; nola? Mikrofono eta kamaretatik jasotzen dutenarekin batera, Googlek gure geolokalizazioa ezagutzen du, eta baita inguratzen gaituen guztia ere. Horrez gain, Interneten egin ditugun bilaketa guztiak ezagutzen ditu. Beraz, aterkiaren adibidea hartuta, atera aurretik gure kokapenean euria ari duela ikusi badu eta gainera guk mugikorrean eguraldia begiratu badugu, Googlek une horretan izan ditzakegun beharren zerrenda zehatza osatu dezake. Ez da sorginkeria, teknologia adimentsua baizik!

Aipatutakoaz gain, gure mugikorreko argazkiak, bisitatzen ditugun lekuak, erabiltzen ditugun app-ak eta orokorrean, mugikorraren bitartez egiten dugun guzti-guztia erabiltzen dute guretzat egokiena den publizitatea bideratzeko. Hau da, janari platerei argazki pila ateratzen badizkiezu, jatetxeen publizitatea jasoko duzu. 

KONTROLAREN KONTROLA

Publizitatea aipatu dugu, baina, zer gertatzen da gure datuak beste helburu batzuetarako erabiltzen dituztenean? Adibidez, gure iritzia manipulatzeko erabiltzean, edota delitu posibleak detektatzean? Gure askatasuna ezbaian jarri du teknologiak. Doako app-ak deskargatzen ditugunean, ez dugu ahaztu behar gu, edo kasu honetan gure informazioa dela prezioa.