Mugikorrek adin txikikoei eskaintzen dizkieten aukerak eta mehatxuak azaldu beharko dira Euspot lehiaketan
Euskarazko spoten sorkuntza bultzatzeko sortu zen Euspot euskarazko spot lehiaketa 2011 urtean, eta orain arteko edizioetan 750 spot egin dira. Aurreko edizioan parte-hartzea nabarmena izan zen, 149 lan jaso baitzituzten. Aretxabaletako Udalak, Arteman Komunikazioak, Mondragon Unibertsitateak eta Arizmendi Ikastolak antolatzen dute lehiaketa, Bai Euskarari Elkartearen eta Music Libraryren laguntzaz, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesean.
Aurtengo 13. edizioan landu beharreko gaia "telefono mugikorrak eta adin txikikoak" izango da: "12 urteko seme-alabak mugikorra eskatu die gurasoei. Zer egin?".
30 segundoko iragarki bat sortu beharko da mugikorrek adin txikikoei eskaintzen dizkieten aukera eta mehatxuak azaltzeko. Iragarkiaren bidez, gizartean kontzientzia piztu eta guraso gazteen kolektiboan edo hezitzaileengan eragin nahi da. "Gizartean eztabaida bero-bero dago arlo honen inguruan; asko dira mugikorren erabilerari mugak edo debekuak jarri nahi dizkieten kolektiboak eta adin txikikoek egiten duten mugikorren erabilerarekin oso kritiko azaltzen direnak. Badira egitasmo konkretuak herri ezberdinetan martxan jarri direnak, guraso elkarte ezberdinetatik sustatu diren kanpainak, mugikorraren erabilera ez egokiak arazo larriak sor ditzakeela dioten profesionalak… ", azaldu dute antolatzaileek.
Bideoen formatua librea izango da, horizontalean ala bertikalean graba daiteke. Parte-hartzaileek maiatzaren 20ra bitarteko epea izango dute lanak egin eta aurkezteko. Lana aurkezterakoan http://www.euspot.eus/parte-hartu guneko galdetegia bete beharko da. Informazio gehiago www.euspot.eus atarian dago jasota.
3.000 euro baino gehiago saritan
Sei sari banatuko dituzte guztira. Sari nagusiak honako hauek izango dira: Spotik onena (1.000 euro); Publikoaren saria (500 euro); Gazteen saria, 14-18 urte artekoentzat (500 euro); eta Musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro).
Sari gehigarriak ere egongo dira: Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena (500 euro), eta Arizmendiko ikasleen spotik onena (250 euro).
Ikus-entzunezko publizitatearen gaineko formazioa
Antolakuntzak ikus-entzunezko publizitatearen inguruko formazioak eskainiko ditu Euskal Herriko ikastetxeetan, gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatu eta lehiaketan parte hartzera animatzeko. Azken urteetan 4.500 ikasle baino gehiagok jaso dituzte Euspoteko formazio saioak hainbat hezkuntza zentrotan.
