Mugikorrean jolasteko zenbait joko interesgarri

Mugikorrean jolasteko zenbait joko interesgarri Mugikorretan Candy Crush jokoaz harago bada alternatiba interesgarririk. Hona hemen gure hautaketa: https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mugikorrean-jolasteko-zenbait-joko-interesgarri/@@download/image/7c0e3921e63aba8ada652f9070b963ef.jpg
2022/05/23

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Mugikorretan Candy Crush jokoaz harago bada alternatiba interesgarririk. Hona hemen gure hautaketa:
Mugikorrean jolasteko zenbait joko interesgarri

Hidden Folks
Hidden Folks bideo-jokoen munduan bitxikeria zoragarria da. Wally-ren bertsio animatu eta eguneratua da, nolabait esatearren. Egungo teknologia probestu du jokoak horretarako, baina ezaugarri artisauak alboratu gabe. Horregatik, jokoak dituen 25 pantailak eskuz marraztuak daude eta azaltzen diren 1.600 soinuak autoreek euren ahotsa erabiliz grabatuak izan dira. Joko atsegin eta dibertigarria. 


Monument Valley
Monument Valley jokoa ikusgarria da zinez, eta bertan zure kuriositatea eta logika piztuko duten ezinezko munduak azalduko zaizkizu. Erabilitako kolore leunak eta musika ederrak beste mundu baterako hegazkin txartelak dira. Magikoa.


Alto’s Adventure
Premisa sinplea da: Alto deitutako mutikoa mendian bizi da. Egun batean bere llama aldra galdu du. Duen aukera bakarra mendi-hegalean behera eskiatzea da, hauek berreskuratu ahal izateko. Jokoaren helburua mendi elurtuetan zehar jauziak eta itzulipurdiak egitea da llamak harrapatzen ditugun bitartean. Joko lasaigarria da, grafiko ikusgarriek lagundurik. Monument Valley-ren gustu onaren parekoa da bisualki. Zen modua aktibatuko dizu ziur. Alto’s Odyssey jokoaren bigarren zatia da, eta hau ere oso gomendagarria. Besterik gabe mendi elurtuak desertuagatik aldatzen da, baina dinamika berbera da.


Fun Hospital
Joko honek, zure gustura, ospitale bat eraikitzeko aukera ematen dizu. Retro itxura duten grafikoen artean joko dibertigarri bat topatuko duzu. Kontsulta-gela ezberdinak eraiki beharko dituzu, mediku, erizan eta garbitzaileak kontratuta eta hamaika paziente artatu, zein baino zein gaixotasun arraroagoekin! Beti suertatuko da ezustekoren bat zure ospitalean, aspertzeko tarterik ez duzu izango.


Grindstone
Joko bikaina da hau, diseinu erakargarri eta puzzle ezin hobeekin osatua. Maisulan honen formula? Sinpletasuna, adikzioa eta sakontasuna. Grindstone-n puzzleak, RPG mekanikak, estrategia eta gozatzeko hamaika maila aurkituko dituzu. Mailak gainditu ahala arma gehiago, ekipamendu gehiago, erronka handiagoak eta aurkari gogorragoak topatuko dituzu. Jokoaren mekanika oso adiktiboa da, kontuz!


Prune
Grindstone jokoak sortutako adrenalina maila jaisteko joko ezinhobea da. Puzzle jokoa bada ere hau, logikan oinarrituta erronkak aurkezten zaizkigu. Jokoaren argumentua sinplea da: zuhaitz bat landatu behar dugu eta berau landu, adaxkak kimatuz, modu egokian hazi dadin. Zenbateraino hazi behar duen? Bada eguzki izpietara iritsi eta zuhaitza loratzen hasten den arte. Zuhaitzak modu autonomoan eta erritmo konstantean haziko dira, askotan modu iragarrezinean ere bai. Erritmoa, ordea, lasaia da, konpenplaziozko jokoa baita, grafiko eta musika minimalista erlaxagarriek lagundua. Honelakoek erakusten dute jokoek ez dutela derrigor azkarrak eta zaratatsuak izan behar onak izateko.


Gibbon: Beyond the Trees
Eskuz marraztutako joko ederra da honako hau. Galduta dagoen giboi baten abenturak jarraituko ditugu arriskuz betetako bidaia batean. Modu askean mugitu ahalko garai, zuhaitzez zuhaitz, narrazio eder batean zehar. Opari bat bai bisualki eta baita istorioari dagokionez.