Mugaren kontzeptua aztertzen duen argazkilaritza-ikerketa lana bisita daiteke Iruñean
Zzzz kolektiboa mugaren kontzeptuaren inguruko ikerketa bisuala egiten aritu da hiru urtez eta zortzi profesional jardun dira lan horretan. Mota guztietako mugak izan dituzte ikergai eta emaitza Mistoen Eraikineko lehen solairuan ikus liteke. Guztira 400 argazki inguru daude erakusketan.
Itxuraz modu desordenatuan ordenatuta daude irudiak, eta mugaren askotariko adieretan barna eramaten ditu ikusleak, modu kaotikoan. Muga fisikoak zein bestelakoak ikus daitezke: harrizko hormak, aurreiritziak, mespretxua, ulertezintasuna, ezjakintasuna...
Antolatzaileek azaldu dutenez, "elkartu eta banatu, hurbildu eta urruntzen duten muga mota guztietatik pasatzen da. Horiek, gainera, agertu egiten dira, sortu, eraiki eta garatu, txikitu eta desagertu, eta fenix hegaztiaren antzera, bere jatorrizko birtualtasun errealeko beste forma batzuetan gauzatzen dira. Beti egonen dira mugak. Eta beti desagertuko dira. Argazkilaritza muga birtual eta erreala da aldi berean, ikuslea fotografiatutako errealitatera hurbiltzen duena, eta, aldi berean, hortik aldentzen duena".
Zzzz Kolektiboa 2013ko maiatzean sortu zen argazkilaritzaren eta beste arte-adierazpen batzuen topaketarako eta garapenerako esparru baten beharrari erantzuteko asmoz eta gerora argazkilaritzara mugatu ziren. Honako hauek osatzen dute kolektiboa egun: Enrique Aparicio, Ignacio de Alava, Marcos Garcia, Jose Antonio Larrasoaña, Fernando Lopez, Alvaro Martinez, Paco Sada eta Pilar Sampol.
Erakusketa asteartetik larunbatera bisita daiteke, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era. Igande eta jaiegunetan,berriz, 11:30etik 13:30era.
