'Muga gabe' zirku jaialdia egingo dute Beran, Biriatun eta Urruñan
EASAC Urruñako Arte eta Zirku Eszenaren Akrobazia eskolak Muga Gabe Zirku Festibala antolatu du gaurtik igandera bitarte, Urruñako Herriko etxe, Biriatuko Herriko etxe eta Berako Udalaren laguntzarekin. Tailerrak eta ikuskizunak izango dira festibalaren egitarauan.
Uharte konpainiak haurrentzako pailazo tailerra egingo du gaur, 18:30etik 20:00etara, Beran. Ordu erdi geroago, Hands Some Feet konpainiaren ikuskizuna izango da herriko etxean.
Bihar, larunbata, D'Click konpainiak haur tailerra eskainiko du Biriatun, 16:00etatik 17:00etara, eta jarraian, 18:00etatik 20:00etara, Armiarma konpainiaren deskubritze tailerra izango da. Eguna borobiltzeko, 20:00etan, D'Click konpainiak Isla ikuskizuna taularatuko du.

Urruñan, berriz, nerabe eta helduen arteko tailerra antolatu dute, Masawa konpainiarekin, 18:00etatik 19:00etara. Jarraian, haur tailerra izango da Hands Some Feet konpainiarekin eta EASACekin ere. NiMu konpainiaren Jaccuzi emanaldiak itxiko du eguneko egitaraua.
Azkenik, igandean, Urruñan, D'Click konpainiak eta EASACek haur tailerrak egingo dituzte. Arratsaldeko zazpietatik aurrera, Masawa konpainiak Vogot erakutsiko du, D'Click konpainiak Latas eta Hans Some Feet konpainiak borobilduko du jaialdia.
