Mudhoney, grunge-aren hazi ustela

Mudhoney, grunge-aren hazi ustela https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mudhoney-grungearen-hazi-ustela/@@download/image/76p74mudhoney2_1363904698.jpg
2007/07/06
erreportajea
Julen Azpitarte
Mudhoney, grunge-aren hazi ustela
Mudhoney, Seattle hiriko taldea, Bilboko Kafe Antzokian ariko da uztailaren 13an. Nirvana, Soundgarden eta Pearl Jam bandek eskuratu zituzten grunge musika fenomenoak eragindako sosa guztiak; Mudhoneyk, ordea, aurreko hiruek neurri handi batean galdutako sinesgarritasunari eutsi dio. 

Bilboko emanaldian, Mudghoneyk Under a Billion Suns azken diskoko doinuak betiko kanta mitikoekin —besteak beste, Touch Me I'm Sick himno garratza— tartekatuko ditu.

Taldea ez zen sekula grungearen ordezkari ofizial bezala agertu prentsan. Dena den, haiek erein zuten gerora diskoetxeen industria irauli zuen hazia. Hitz bitan: Nirvana edo Pearl Jam bandek asko zor diote koadrila honi.

Zaharrenok gogoan dugu oraindik 90eko hamarkadan Debako Txitxarron Mudhoneyk eskainitako kontzertua.

Bikote ausarta

Mark Arm abeslaria —azken boladan MC5 banda mitikoarekin ikusi dugu— eta Steve Turner gitarra jotzailea dira Mudhoneyren ardatzak. Biek Green River taldea eratu zuten 80ko hamarkadan; punk rocka eta heavy metala uztartzen aitzindariak izan ziren.

1988ko udan, Armek eta Turnerek egitasmo berria abiatu zuten; Mat Lukin baxuarekin eta Dan Peters bateriarekin, Mudhoney sortu zuten —izena Russ Meyer porno-pop zinemagilearen film batetik hartu zuten—. Punk eta metalaren arteko orekari 60ko hamarkadako garaje-rocka gaineratu zioten, eta baita Stooges Detroit hiriko banda mitikoaren wha-wha gitarra hotsak ere. Gitarra riffekin nahasturiko zementu horren estreinako emaitza Sweet No More/Touch Me I´m Sick singlea izan zen. Urte berean, 1988an, Superfuzz Bigmuzz ep ezaguna kaleratu zuten. Europara etorri ziren urtebete geroago, Sonic Youthekin, eta Mudhoney izeneko disko luzea argitaratu zuten.

Sub Pop zigilua, Mudhoneyren eta rock independentearen arrakasta ikusi ondoren, banda ugari fitxatzen hasi zen: Nirvana, Fluid, Melvins... Guztiak zaku berean sartu, ondo astindu, eta grunge fenomenoa sortu zen. Grungearen arrakastari esker, Mudhoneyk bi disko atera zituen, Reprise multinazionalarekin. Laukoteak, ordea, betiko doinu primitiboak jotzen jarraitu zuen. Beraz, kaleratu egin zituzten, eta 2002an, Sub Pop zigilura itzuli ziren... gaur arte.